domingo, 4 de febrero de 2018

INTELEKTUAL TXAPELDUNA

Badu meriturik UPNren eskutik politikari bihurturiko historialari horrek. Ricardo Feliu soziologoak erramolde biribil batekin diagnostikatu zuen navarrrrismoaren arazo serioenetako bat arlo intelektualean: “sinesgarritasun intelektualeko oso arazo sendo bat du”. Gaurko miseria intelektual horren ispilu gardena da UPNren talde parlamentarioa. Baina badu taldeak maila intelektual handiagoko kide bat, historialaria berau (eta euskalduna zorionez, erran dezagun bidenabar). Hortik datorkio meritua, zein ahalegin itzelak egin behar dituen hala holako zentzu logiko eta intelektualik emateko bere kideen zentzugabekeriei: benetako funanbulista batena egin behar du, eta batzuetan beheko sare gainean erori.
Azkeneko kasuan bezala, EHUko Euskal Kriminologia Institutuak Nafarroako Gobernuaren aldetik jasotako diru laguntzaren kontrako jarrera zuritu behar izan duenean. Nafarroako tortura kasuei buruzko ikerlan akademiko baterako diru laguntzaren aurka helegitea jarri du Carmen Albak (navarrrrismoaren bertze ale bat, hau ere!) UPN eta PPren txaloen artean, eta nori eta historialari horri egokitu zaio helegitearen justifikazio intelektuala. Horrelako ikerketa akademiko historiko baten aurkako historialari batek badu, bai, meritua! Zer erran du, eta ez daudela ikerketaren kontra berez, baizik eta, oso gai labainkorra denez, “maltzurki” erabil daitezkeela gero ikerlanaren emaitzak. Hots, emaitzak egiazkoak, sinesgarriak eta sendoak izanen balira ere, ezin duela nafar gobernuak ikerlan hori bultzatu. Hots, ezin dela egiazko datu historikoen bila joan, horren efektua maltzurra izanen denez. Hots, hobe dela egia estaltzea, ez ikusiarena egitea haren aurrean. Hots, horren inguruko egia bera maltzurkeria dela, bere ustez.
Ezer berririk ez navarrrrismoaren eskasia intelektualean. Ohiturik gaituzte beraiek egiak ez, gezur biribilak zintzo-zintzo, inolako maltzurkeriarik gabe, zabaltzera. Gezurrak, nork erraten dituen, egiak baino onuragarriagoak, hobeak, konstruktiboagoak. Izan ere, konstruktiboagoak: egiazko datu historikoak hor daude, bilatu eta aurkitu bertzerik ez dute egin behar ikerlariek, gezurrak, ordea, eraiki egin behar, sortu, sinesgarritasunaz jantzi behar dira. Ez dago erkatzerik egia eta gezurren eraikigarritasunean, egia eta gezurren onuragarritasun sozial eta politikoan.
Halarik ere, eraikitzaile kaskarrak ditugu navarrrristak. Ezgai dira sinesgarritasunaz hornitzeko euren eraikinak, euren gezurrak. Sinesgarriak, bakar-bakarrik horiekin sinetsi nahi dutenentzat. Edo ezgai peto-petoak dira, edo bortz axola zaie gezurren ebidentzia, gezurren eraikin hauskortasuna, euren eraikinen zimentarri falta.
Ez du inporta. Hor dute mailako intelektual hau, bakarra, bere prestigioa eta burua sakrifika-tzeko prest gezurren aldarean, datu historikoen bila ez abia-tzeko beharrari buruzko filosofia sakon eta sendo baten susta-tzaile txit prestua.
Merituduna, merituduna denez, intelektual honen buru-belarri aritzea gezur konstruktiboen alde! Txapela kentzeko modukoa.
Bixente Serrano Izko, Diario de Noticias-en

No hay comentarios: