miércoles, 21 de noviembre de 2018

HERRI EUSKALDUNAREN DISKRIMINAZIOA XVI. MENDEKO NAFARROAN

Historia liburu bat idazten dugunean atzera begiratzen dugu gaurko begiradaz. Bista iraganean jarrita dugu baina asmoa gure garaian kokatzen dugu; gure garaian sortzen zaizkigun zalantzak eta ukazioak argitu nahi ditugu horren bitartez, beti etorkizun hobe bati begira. Nafarroan euskarak izan duen hedapen zabalaz zalantzak eta ukazioak gizarteratzen dira etengabe Nafarroan bertan eta bereziki ustez nafar zaleak direnen artean. Pello Monteanoren liburuak argia pizten du lehen iluna zen historiako eremu batean: euskararen hedapena Nafarroan XVI. mendean. Baina ez da bakarrik euskararen hedapena, liburuan Nafarroako euskaldunek zeukaten estatus sozial baxua eta mugak, eskubide politikoei dagokienez, eta hainbat kasutan, epaitegietan eta politikan, pairatzen zituzten hizkuntza diskriminazioak deskribatzen ditu oso modu argigarrian. Besteak beste, 1575-1595 urteen artean egindako ehunen bat epaiketetako datuetan oinarritzen da Monteano euskararen hedapenaz informatzen duen estatistika egiteko; epaiketa horietan itzultzaileen presentzia aipatzen da zuzenean edo zeharka, epaiketen aktetan bertan. Iruñean eta Nafarroa Ertainean (Tafalla, Lizarra, Murillo el Fruto, Artaxona, Gares, Zangoza…) euskara sekula ez dela izan defendatzen dutenen aurrean, Monteanok XVI. mendeko Iruñea euskalduna zela eta neurri ezberdinetan baina Nafarroa Ertainean euskara era esanguratsuan erabiltzen zela egiaztatzen duten dokumentu ugari biltzen ditu, bai euskararen erabilerari dagokionez eta baita okzitaniera eta erromantze edo gazteleraren erabilerari buruz ere. Nafar lurralde osoko bi heren euskaldunak ziren egileak dioenez. Liburua gazteleraz idatzita dago, erreferentziatzat hartzen diren epaitegietako aktak eta testu gehienak bezalaxe.

Monteanok XV.-XVII. mendeen arteko pasadizoak kontatzen ditu, baina batez ere 1575-1595 urte arteko epea hartzen du aintzakotzat. Garai hartan izan ziren hainbat epaiketatan, epaileen jatorria, hizkuntza joera, itzultzaileen erabilera eta epaiketa horietan azaleratzen zen akusatuen eta lekukoen egoera linguistikoa kontatzen digu Monteanok. Dena den, liburua aipatutako garai labur horretan zentratzen bada ere, aurreko eta ondorengo urteetan izandako gertaera batzuk ere aztertzen ditu eta gertaera horiek ongi adierazten dute Nafarroan euskaldunon diskriminazioa estrukturala zela, baita XV. mendean ere, Nafarroako Erresuma suntsitua izan baino lehenago. Orain bezalaxe, nafar herritar gehienak euskaldunak izan arren administrazio publikoak eta justiziak atzerritar hizkuntzetan ziharduten, gazteleraz edo okzitanoz. Monteanok azaltzen duenez, Nafarroako justizia-administrazioa itzulpen zerbitzu erraldoia zen, egoera kolonial guztietan bezalaxe, eta tamalez, justiziaren eta administrazioaren portaera hori Nafarroaren konkista izan aurretik ere gertatzen zen. Beraz, Nafarroako Erresuma glotopolitika praktikatu ez zuen erresuma dugu informazio hauen arabera; orduko elizak, administrazioak, nobleziak eta klase politikoak konkistatzaileen hizkuntzan mintzatzen ziren; bertako herritarrekiko hizkuntza-urruntzea erabatekoa zen eta, pentsatzekoa da, jarrera horrek ez zuela gehiegi lagundu erresumaren defentsan, konkista-erasoa iritsi zenean.

Liburuaren hasieran bidaiari batzuk aipatzen ditu Monteanok, besteak beste 1494. urtean Iruñeko emakumeen janzkera marraztu zuen, euskara-alemana hiztegitxoa egin zuen eta Logroñoko zubira iritsita, “hemen amaitzen da Nafarroako Erresuma eta ibaiaz beste aldean hasten da Espainiar lurra” idatzi zuen Arnold Von Harf aleman bidaiariak (23. or.).

Garai hartan euskara idazten ez zen hizkuntza zen eta horretaz baliatu ziren konkistatzaileak bertako noblezia asimilatzeko eta bertako jende laua baztertzeko. Politikan parte hartzeko, adibidez, ordezkari politikoak “alfabetatuak” izan behar zutela dekretatu zuten; horrela alde batetik noblezia eta pertsona dirudunak Gaztelako bizitza politikoan barneratu edo integratu egiten ziren eta, bestetik, nekazari apalak eta jende laua, euskaldunak oro har, bizitza politikotik baztertuta gelditzen ziren, gaztelera edo erromantzea ez zekitelako. Beraz, ofizialki jendearen parte-hartzea debekatu gabe, praktikan, salbuespenak salbu, euskaldunak bizitza politikotik at gelditzen ziren. Hala, alfabetatze eta gazteleratze hitzak sinonimoak ziren garai hartan. Ildo horretan Antonio de Nebrijaren hizkuntza politika praktikatu zen Nafarroan. Gramatikari andaluziar horrek adierazi zuenez, bere gramatikaren helburu bat nafarrei eta bizkaitarrei gazteleraren irakaskuntzan laguntzea zen, “hizkuntza betidanik inperioaren laguna izan delako”. Are gehiago bertako agintariek gazteleraren aldeko eskakizun publikoak egiten zituzten euskara baztertzeko eta gaztelera erabiltzeko, “bisitariek euskara ez dakitelako” Irunberriko udalak 1627an esan zuen bezala.

Bestalde, bizitza etxetik kanpo egiten zuten gizonen artean gaztelera zabalduago zegoen nolabait eta aukeraren bat izan zezaketen bizitza publikoan parte hartzeko; haatik, etxeko bizimodua egiten zuten emakumeen artean ia % 100 euskaldunak eta analfabetoak ziren; hala, jarduera publiko eta politikatik at bizi ziren.

Euskararen erabilerari buruz Monteanok ematen duen informazioa oso zehatza da: eskualdez eskualde eta herriz herri aztertzen du euskararen egoera eta eskualde eta herri bakoitzean bizi diren euskal hiztunak eta erromantze hiztunak kontatzen ditu, baita tokian tokiko elebitasuna eta elebitasun horretan hizkuntza bakoitzak agertzen duen erabilera-maila ere. Gainera, azalpen horiek guztiak hobeto ulertu ahal izateko lauki estatistikoen eta mapen laguntzaz baliatzen da autorea. Mapa horietako batean azaltzen ditu Monteanok, adibidez, % 80 euskaldun elebakarrak biltzen dituen eskualdeak, % 70 euskaldun elebakarrak biltzen dituena, %45 biltzen dituena, nagusiki erromantzez mintzatzen diren eskualdeak eta hizkuntzaren bilakaera ulertzeko oso garrantzitsuak diren tarteko herri eta eskualdeak, eskualde euskaldunen eta gazteleradunen artean kokatzen diren eskualdeak, egileak “franjak” izendatzen dituenak.

Bestalde epaiketen aktetan jasotzen ziren hainbat gertaera kontatzen ditu Monteanok eta hor euskaldun txiroak pairatzen zuten injustizia egoerak agertzen dira: Maria Juana de Anozibarren kontrako epaiketaren kontakizuna gogoan eduki beharrekoa da: 7 eta 10 urteko bi ilobek sorginkeriaz salatuta, emakumea espetxeratua izan zen; alargun, txiro eta euskalduna, emakumeak ez zuen aukerarik akusazioei aurre egiteko eta “eskaileraren tortura” jasan eta gero, deabruarekin hitz egin zuela eta gurtu egin zuela onartu zituen. Hala ere, epaileek jakin nahi zuten zein zegoen berarekin akelarrean eta berriz ere torturatua izan arren ukatu egin zuen beste akusatuak berarekin egon zirenik. Sorginkeriaz akusatutako pertsona gehienak euskaldunak ziren; hau da, normalean akelarretan parte hartzen zuten pertsonek ez zekiten euskara besterik. Gertaera horretatik ondorioztatu zuten nafar epaileek euskara deabruaren hizkuntza zela: publizitate “ona” euskararentzat eta laguntza “ederra” epaitutako akusatuentzat.

Liburuaren amaieran hainbat eranskin jarri ditu Monteanok: 1) Nafarroako populazioa “Apeo de fuegos” izeneko erroldaren arabera 1553. urtean; 2) erromantze edo gazteleraren mugak “Bula de los cautivos” delakoaren datuen arabera 1527. urtean; 3) euskaldun elebakarrei buruzko lagin estatistikoa, 1575-1595 urte bitartean; 4) epaitegietako ofizialen izaera profesionala eta haien euskara ezagutza, 1570-1590 urteen artean; eta 5) populazioaren alfabetatze mailari buruzko lagin estatistikoa, 1578-1588 urteen artean.

Monteanoren liburuan agertzen diren datu historikoek film bat baino gehiago egiteko gaiak ematen dituzte. Narrazio horietan agertzen diren errepresioaren eta “justiziaren” biktimek aitortza publikoa eta ohore nazionalak merezi dituzte, 1936ko gudan izandako biktimek bezainbeste. Gure historia ilunaren protagonistak izan ziren emakumeak, adibidez, gaurko pentsamendutik ikusita, gauza barregarriengatik heriotza zigorrarekin kondenatuak izan zirenak, euskaldunon memoria historikoan urrezko hitzez agertu beharko lukete.

Jose Inazio López de Luzuriaga (naziogintza.eus)

No hay comentarios: