domingo, 17 de junio de 2018

EUSKARA, IKASTOLA ETA TREBIÑUREN ALDEKO ALDARRIKAPEN EGUNA

Milaka lagun bildu ziren atzo, Argantzunen, Araba Euskarazen parte hartzeko. Aurtengo edizioa berezia zen; izan ere, Argantzun Ikastola Trebiñun kokatutako ikastola txiki bat da, hau da, Burgoseko administraziopean dago. «Ikastola sortzeko lanetan hasi ginenetik Argantzun Ikastolaren ibilbidea deskribatu beharko bagenu, lau hitzetan laburbilduko genuke: ez da erraza izan», nabarmendu zuen guraso elkarteko kide Ziortza Bocanegrak.
Euskararen, ikastolaren eta Trebiñuren aldeko aldarrikapen eguna izan zuten atzo Argantzunen, Araba Euskaraz-en ospakizunean. Izan ere, Gaztela eta Leongo administraziopean dagoen udalerria da, euskararen ofizialtasuna ukatua dagoen lurraldea, arabar izaera ukaturik duen lurraldea. Hala, euskaraz irakasteagatik diru-laguntzak ukatzen dizkioten ikastola txiki batek antolatu du aurten festa.
Milaka lagunek Argantzuneko ikastolaren deiari erantzun eta beren ekarpena egitera hurbildu ziren Trebiñuko herri honetara. Ikastolak aurrera egin dezan ezinbestekoa den Lehen Hezkuntzako eraikina ordaintzen laguntzeko erabiliko da Araba Euskarazen lorturiko dirua. Tamalez, eraikina ez da Trebiñun egongo.
Argantzun Ikastolako arduradunek Manzanosen, Araba ofizialean dagoen kontzejuan, emango diete Haur Hezkuntzako ikasleei ikasketak euskaraz egiten jarraitzeko aukera. «Bideragarritasuna lortzea da gure helburua», nabarmendu zuen guraso elkarteko kide Ziortza Bocanegrak, 2003tik, ikastola sortu zenetik, gainditu behar izan dituzten oztopoak gogora ekarriz.
«Sortu eta hamabost urte geroago lasai ibiliko ginela uste genuen, ikastola eta Trebiñuren afera guztiz konpondurik egongo zela pentsatzen genuen. Argi dago inozo samarrak izan ginela. Baina pentsamendu baikor horrek asko lagundu du egunez egun lanean jarraitzeko orduan», adierazi zuen, lan horri esker ikastola inguruetako erreferente bilakatu dela gaineratuta.
Irakasleek eta gurasoek gertuko ikastola sortu dute, irekia, Euskal Herriko ikastolen elkartasunari esker aurrera egin duena. «Bastida eta Armentia ikastolek emandako laguntza azpimarratzekoa da eta Argantzungo Udala hor egon da beti», azpimarratu zuen Bocanegrak.
Atzo ere jaso zuen ikastolak Argantzungo alkatearen babesa. Roberto Ortiz de Urbinak irekierako ekitaldian parte hartu zuen, eta Gaztela eta Leongo Gobernuak ezarritako trabak salatu zituen. «Diru-laguntzak ukatu dituzte», gogorarazi zuen, eta Trebiñuko afera konpontzen ez den bitartean diru-laguntzak bermatzeko eskatu zien erakundeei. «Onartu behar dira, ezin dira egoera politikoaren baitan egon», gehitu zuen.

Euskararen sustatzailea
Araba Euskaraz Kultur Elkarteko lehendakari Xabier Arrietak Trebiñun Argantzun Ikastolak euskarari eman dion arnasa goraipatu zuen. «Euskara Trebiñun zabaldu baldin bada, neurri handi batean ikastolak egindako lanari esker izan da; ikastolaren inguruan giroa sortzea lortu dugu», azpimarratu zuen, eta aurtengo Araba Euskaraz «mugarri» izango dela esan zuen.
«Bidea ez da erraza izan, oztopo ugari gainditu behar izan ditugu, ekinaren ekinez zailtasunei aurre egin diegu. Gaurkoa da hori ospatzeko eguna, zorionak emateko eguna, indarrak hartu eta aurrera ekiteko eguna», azaldu zuen Arrietak.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak ere hitz onak izan zituen Argantzunen egindako lanaren alde. «Gure herriko inguru honetan buru-belarri aritu zarete eta muga politikoak gainditu dituzue. Elkarlana eta konpromisoa dira lan horren erregaia eta hala jarraitzeko eskatzen dizuegu».
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak ez zuen hitz egin muga horiei buruz, «Trebiñu Araba baita, eta euskara gure ondarea baita». «Aurten, Europako Ondarearen Urtean, gure ondare eder bat babesten egin behar dugu lan. Arabaren ondarea da euskara, Trebiñuren ondasuna da euskara»», gaineratu zuen, eta herrialdean eman diren pausoak gogora ekarri zituen.
«Gure lurraldean, duela urte asko hasi ginen urratsak egiten gizarte elebiduna nahi genuelako, eta lanabesak hauek ziren: batetik, helduen euskalduntze- alfabetatzea, eta bestetik, hezkuntza sistema bera. Bi tresna horiei esker, gaur egun, Araban populazioaren erdia inguru elebidunak gara eta euskaraz bizitzeko aukera daukagu. Gazteak euskaraz datoz. Zorionak denoi!», adierazi zuen.
Ordezkarien mezuak entzun ondoren ireki zen Araba Euskarazeko ibilbidea. Hiru gune zituen, bat ikastolaren ondoan, herriaren erdigunean, eta besteak, ibai ertzean. Bertan kokatu zituzten agertokiak. Azido Folkloriko, Glaukoma, Libe eta La Pulgak jo zuten, eta Arabako talde hasiberrien kontzertuak ere egon ziren. Txikientzako “Ane eta piratekin parranda” emanaldia izan zen, eta hamaika joko prestatu ziren.
Datorren urtean Armentia Ikastolak antolatuko du Araba Euskaraz, Gasteizen. Alex Badillok, ikastolako lehendakariak, hartu zuen lekukoa; «urduritasun puntu batekin, ardura handia delako hiriburuan antolatzen denean –adierazi zuen–. Dena den, ilusio handia dugu eta badakigu zoragarri aterako zaigula».
«Ez dugu ezer erabaki, baina Gasteiz hiri berdea da eta saiatuko gara ibilbide txukun bat prestatzen», iragarri zuen.

GARA

No hay comentarios: