domingo, 29 de mayo de 2016

PEDRO ITURRIA, IRUÑEKO FARMAZIALARI EUSKALTZALEAREKIN ELKARRIZKETA

“Euskarari gorazarrea” liburua plazaratu du, non berak idatzitako hainbat artikulu bildu dituen, hasi 1994an eta 2013. urtera artekoak

Pedro Iturriak (Iruñea 1951) “Euskarari gorazarrea” atera du, Denonartean argitaletxearen bidez. Ikasketaz eta lanbidez farmazialaria da. Baina 25 urte zituela, eta Gasteizen zegoela, euskara ikasteari ekin zion, gau-eskolara joanda, eta orduantxe erabat aldatu zitzaion bizitza. Euskal hizkuntza izan du iparra eta euskararen aldeko hainbat ekimenetan nabarmendu da.

Zure aitak euskara jakin ez zekien, baina ederki baloratzen zuen, ezta?
Bai, hori garbi dago. Ni mutiko nintzela, etxean behin eta berriz agertzen zen hizkuntzaren alde eta euskal kulturaren alde. Liburuan ere esaten dut: zekien apurra erabiltzen saiatzen zen. Igual laguntzen nion bi basoerdi hartzera eta tabernako zerbitzaria euskalduna bazen, segituan esango zion “arratsalde on” eta edaria euskaraz eskatuko zion. Aitari zor diot euskaltzaletasuna.

Bera Iruñekoa zen?
Bai, Madrilen ikasi zuen Kimika. Errenterian ibili zen lanan, Leonen, eta azkenean Iruñean egin zuen lan, Diputazioan, Osasun Publikoko laborategian.

Liburuan ere esaten duzu: euskara gutxi jakinda ere, ezagutzen den apur hori sozializatu egin behar da.
Hori da! Liburuaren aurkezpen-ekitaldian ere esan nuen. Euskara erabiltzeko da, eta gutxi badakigu, gutxi hori erabili egin behar dugu eta halaxe adieraziko dugu euskara maite dugula. Kazetari bati esan nion: ni mutikoa nintzela, frantsesez nahiko ondo moldatzen nintzen. Gero ahaztu egin nuen, baina frantsesen bat sartzen bada botikara, saiatzen naiz harekin frantsesez egiten, hanka sartzen dut baina ez naiz lotsatzen. Gauza bera egin behar dugu euskaldunok: nahiz hanka sartu, euskaraz egin! Londresera baldin bazoaz, ahalegintzen zara ingelesez egiten, ezta? eta ez zara lotsatzen, ala?

Perfekzionismoa uxatu behar dugu.
Hiztun denok ez gara berdinak. Batzuk trebeagoak dira besteak baino. Horregatik ez dugu kikildu behar.

Zure liburuan pasadizo polit bat ikusi dut, grazia egin didana, ni Legazpikoa bainaiz: zure amonak topo egin zuen Iruñean Patrizio Etxeberria enpresariarekin eta euskaraz egin omen zuten.
Hori esan zidan amonarekin lan egiten zuen gizon batek. Botikara etortzen zen eta esan zidan. Nik amonari sekula ez nion euskaraz aditu, baina Ultzamakoa zen eta seguru zekiela euskaraz. Amonaren senarra errementaria zen eta gazte gelditu zen alargun. Burdindegia ipini zuen Iruñean, San Saturnino kalean, eta behin Patrizio Etxeberria agertu omen zitzaion, bai, botikara etortzen zitzaidan gizon horrek esan zidanez. Galdetu zidan: “Baina zu ez al zinen konturatzen amonak ze azenturekin egiten zuen gaztelaniaz?” Ni mutikoa nintzen, ordea; hamahiru edo hamalau urte nituela hil zen.

Zure amona horrek ez zuen euskaraz egingo, alde batetik, hizkuntza horrek prestigio sozial exkaxa zeukalako.
Hori da! Erratzuko izeba Juanitak gure aitari esaten ziona: Zer iruditzen zaizu, Santiago? Erratzuko neskak lotsatzen dira Elizondora joaten direnean, erdaraz oso gaizki dakitela iruditzen zaielako eta horregatik ez dute gehiago euskaraz egin nahi. Eta gure aitak: Neska horiek burutik daude!

Segurakoa duzu emaztea eta sarri joaten omen zara hara. Karrera ikasten ari zinela ezagutu zenuen?
Ez, ni baino gazteagoa da emaztea. Mari Jose Ormazabal deitzen da. Hemen Iruñean botikan lanean ari nintzela ezagutu nuen. Aldameneko farmazia batean egiten zuen lan, eta egun batean titularrak esan zion niregana etortzeko, zerbait erakutsi behar niola eta. Halaxe hasi ginen, eta gaur arte. Aldameneko botikako titularra Marilo Irujo da, Manuel Irujoren biloba. Ondo moldatzen gara. Liburuan diodana, emazteari esker, eta segurarrei esker, azkenean lortu dut euskaldun osoa izatea. Zu legazpiarra baldin bazara, jakingo duzu: gauza bat liburuetan ikasten dituzun deklinabideak eta beste bat benetako hizkuntza. Emazteak askotan esaten zidan: “Motel, hori errazago da, hori esaten da horrela”.

Hasi, Gasteizko euskaltegi batean hasi zinen ikasten.
Bai, eta ni nintzen gelako zaharrena. Hogeita bost urte nituen. Eta nolako ilusioa!

Gogoratzen al duzu metodoa? Patxi Altunarena, agian?
Ez, apunte batzuk erabiltzen zituen irakasleak. Han ez zegoen libururik. Urte haietan, pentsa! 1976ean zen. Gauzak bere testuinguruan kokatu behar dira. Adibidez, 1976ean euskararen egoera Gasteizen eta Iruñean oso bestelakoa zen. Askoz gutxiago hitzegiten zen. Gogoratzen naiz nola urte batzuk geroago eskolapio batekin hitz egiten nuen. Gerra garaian gudarien kapilaua izandakoa zen eta zoriontsua zen Euskadi Irratia aditzen zuelako eskolapioen ikastetxean. Eta guk berriz, handik kilometro gutxira, Uharteko etxean, ezin genuen irrati hori harrapatu. Orain beste testuinguru batean gaude. Eta gauza bera gertatzen da erreparatzen badiozu nola antolatzen genuen Euskararen Eguna Uharten. Ipini ditut liburuan kartelak: eskuz eginak dira, artisauak. Eta duela hogei urte, euskal meza bat antolatzea herrian gauza handia izan zen; orain erlijioak horrelako indarrik ez du. Edo zer esango nizuke? Duela 25 urte, botikarien elkargoaren aldizkarian lehenengo aldiz euskarazko artikulu bat jartzea lorpen handia izan zen.

1995ean sortu zenuten Farmazialari Euskaldunen elkartea.
El Diario Vasco-n behin baino gehiagotan azaldu gara aipatuta, batzarrak askotan Gipuzkoan egin ditugulako.

Jarraitzen duzu hango zuzendaritza batzordean?
Ez. Orain gogoeta-prozesu batean dago elkartea. Batzarra, oker ez banago, ekainean egingo dugu aurten, eta Hernanin. Eta jakin dut bi neska gazte, gipuzkoarrak, prest azaldu direla zuzendaritzan sartzeko. Jarraibidea agerkari digitala da. Badakizu, orain gazteek digitala nahi dute.

Zure botikak poxadera dauka, ezta?
Bai, aspaldiko ur-putzua dauka. Obra egin genuen botika barruan eta lanean ari zen Europako Ekialdeko langile batek esan zidan hor putzua zegoela. Deitu nion diseinatzaileari eta garbitu zuen alde hori. Udaletxean eman genuen aurkikuntzaren berri, elementu historikoa delako, eta gaur arte! Hondoan ura agertzen da, batzuetan gorago, besteetan beherago. Estafeta kalea oso altu dago Parte Zaharrean, baina hala ere ura agertzen da, aizu! Udaleko teknikari batek esan zidan etorri zenean: Erdi Aroan, Iruñeko Alde Zaharrean, jendeak pozaderak eskribatzen ibiltzen zen. Gero, ur-sarea ipini zenean, putzu horiek denak tapatu egingo zituzten, toki gehiago izateko. Nik erosketa egin nuenean, eskrituretan ez zen ezer aipatzen.

Noiz hasi zinean lanean Estafeeta kaleko botikan?
1979an etorri nintzen, Gasteizen hiru urte egin ostean.

Felix Ibargutxi, El Diario Vasco-n





No hay comentarios: