martes, 21 de febrero de 2017

EUSKARA ETORKIZUNEKO APOSTUA DELA BERRETSI DU NAFARROAKO GOBERNUAK

Nafarroako Legebiltzarrean agerraldia egin dute Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollok, Euskarabideko zuzendari Mikel Arregik eta Euskararen Sustapen eta Planifikazio Zerbitzuko zuzendari Paula Kasaresek, VI. Inkesta Soziolinguistikoaren datuak aurkezteko.

Euskararen eboluzio positiboa nabarmendu du Ollok, batez ere, 16 eta 24 urte bitarteko gazteen artean. Sektore horretan, %25,8koa da ezagutza maila. "Euskalduna da lau gaztetik bat". Hizkuntzaren erabileran, ordea, igoera askoz apalagoa da. Hori dela eta, txostenak "argi-ilunak" agerian utzi dituela azpimarratu du kontseilariak.

Talde parlamentarioen txandan, UPNko Iñaki Iriartek esan du inkestak "errealitate konplexua" islatzen duela: "Argi geratu da alde ikaragarria dagoela Nafarroako bi komunitate linguistikoen artean". Halaber, "kezkagarritzat" jo du euskaldunek "gutxi" erabiltzen dutela euskara: "Gehiago erabiltzen da ikastetxean, etxean baino, eta erregistro intimoa etxean lantzen da batez ere". Bestalde, inkestan "Euskal Herria" izena erabili izana auzitan jarri du, "gatazkatsua" delako: "Nafar gehienek ez dute beren burua izendapen horren barruan islatuta ikusten".

Koldo Martinezek (Geroa Bai) euskararen garapena nabarmendu du, batez ere, Iruñerrian: "Iruñea bihurtu da Nafarroako euskaldunon topagune aberatsena. Euskaldun gehien biltzen duen tokia da, eta, hala ere, eremu mistoan dago". Horregatik, urratsak eskatu ditu, Euskararen Legea moldatzeko: "Legea alde batetik doa, eta gizartea, bestetik. Duela 31 urteko arauak ez du errealitate soziolinguistikoa islatzen".

Dabid Anautek ere (EH Bildu) urratsak eskatu ditu. "Zertarako nahi dugu inkesta bat, errealitatea aldatu ahal izateko ez bada?". Ontzat jo du euskararen ezagutzak eta erabilerak aurrera egin izana, baina "oso erritmo motelean" doala azpimarratuta. Horregatik, ofizialtasuna bermatzeko urratsak eskatu ditu, eta Arabako kasua jo du adibide gisa: "1982. urtean onartu zuten Euskararen Legea EAEn. Garai hartan, Nafarroako Erriberaren egoera bertsuan zegoen Arabako Errioxa, eta iraultza handiegirik egin gabe ere, lortu dute ezagutza eta erabilera handitzea". Azkenik, UPNko ordezkariari gogorarazi dio euskara familia artean sustatu ahal izateko, hiztunak behar direla: "Euskararen etxeko erabilera sustatu nahi badugu, masa kritikoa beharko dugu. Hortaz, ez dut ulertzen zergatik jartzen dizkiozuen hainbeste traba, besteak beste, euskarazko hezkuntzari".

PSNko Inma Juriok "normaltzat" jo ditu inkestak utzitako datuak, baina euskararen kontrako jarrera azken bost urteotan hazi egin dela nabarmendu du: "Gobernu honek euskararen erabilera politikoa egiten du. Kontrako jarrera ez al da horren ondorio?". Inposizioaren diskurtsoa ere haizatu du Juriok, gobernuak hizkuntza politika "dekretu bidez" ezartzen duela argudiatuta. Zalantzak agertu ditu, Euskararen Legeari egin nahi zaizkion aldaketen inguruan: "Zertarako aldatu nahi duzue? Errealitate linguistikoa islatu besterik egiten ez duen zonifikazioa kentzeko eta ofizialtasuna lurralde osora hedatzeko?".

Ana Beltranek (PP) egin du diskurtsorik suharrena euskararen aurka. 25 urtean euskararen erabileraren garapena "hutsaren hurrengoa" izan dela esan du, eta, hortaz, hizkuntza sustatzeko inbertitzen den diruak "justifikaziorik ez" duela uste du. "Baliabideak jarri ditu gobernuak orain arte. Milioika euro, eta zertarako? Herritarren %13k jakiteko, eta %6k erabiltzeko. Lauko gobernuari gustatuko litzaioke nafarren %100ek euskaraz hitz egitea, baina errealitatea egoskorra da: herritarrek ez dute inongo interesik euskara ikasteko; are gutxiago, inposatzen baduzue".

Ezkerrako Jose Miguel Nuinek, azkenik, euskararen ezagutzaren eta erabileraren "eboluzio positiboa" nabarmendu du, baina zonifikazioa mantentzearen alde agertu da: "Inkesta honek frogatzen du posible dela euskararen aldeko neurri efektiboak hartzea, borondatea eta progresibitatea ardatz gisa hartuta". Hizkuntza politika aldatzeko, "Nafarroako errealitate soziolinguistikoak" aintzat hartu beharko direla azpimarratu du.

Berria

No hay comentarios: