lunes, 5 de agosto de 2019

TXENTXO JIMÉNEZ: "ARALAR BORROKA ARMATUAGATIK SORTU ZEN, ETA ARRAZOI BERAGATIK DESEGIN ZEN"

Lau urte dira jada Aralarren Nafarroako koordinatzaile ohi Txentxo Jimenezek politikaren lehen lerroa utzi zuela. Orain, denbora gehiago du mendizaletasunari eta familiari eskaintzeko. "Batzuetan faltan botatzen duzu barruan ez egotea", onartu du. Hala ere, beste ikuspegi bat ere eman dio. "Barruan zaudenean, dena da garrantzitsua; edozein txikikeria hil ala bizikoa da. Orain ikusten duzu ez dela hainbesterako". Soleran sortu zen (Espainia), Andaluziako herri txiki batean, 1955ean, eta, hamar urte zituela, sendia Iruñera etorri zen bizitzera, "behar ekonomikoagatik". Hamasei urterekin Berriozarko enpresa batean lanean hasi zen, eta handik gutxira sartu zen politikan.

Nola hasi zinen politikan?
Enpresa metalgintzakoa zen, eta sektore hura zen langileen borrokaren abangoardia. Grebak oso indartsuak ziren. 16-17 urterekin hasi nintzen Liga Komunista alderdi troskistan. Han elkartu nintzen Ramon Contrerasekin, Patxi Urrutiarekin... Aurretik prestakuntza jaso behar zen, eta urte oso bat egon nintzen begirale batekin, ikasten. Hemezortzi urterekin sartu nintzen alderdian.

Zein zen zure egitekoa?
Gazte Komunista langileen elkartea sortu genuen, eta Berriozarren 40 militante lortu genituen. Troskismoaren oinarrietako bat entrismoa zen: helburua zen erakunde sozialdemokrata batean sartzea eta barrutik eraldatzea. Halaxe, UGTn sartu ginen, eta hasieran lortu genuen sindikatu osoa kontrolatzea, baina, trantsizioarekin batera, alderdi sozialista indartuz joan zen. Ni Gabriel Urralburuk pertsonalki bota ninduen, oraindik fraide zenean. Oso bitxia izan zen. Batzarrean geundela, idazkari nagusi izateko Julian Rezola Potasaseko langile bat proposatu zuten. Hitza hartu nuen, eta adierazi nien nolatan proposatzen zuten haurrak galbidera eramaten zituen gizon hura. Jarraian, Urralburuk ni berehala sindikatutik kanporatzeko eskatu zuen. Bozkatu, eta bota egin ninduten. Horrela amaitu zen nire karrera UGTn.

UGT aipatu duzunez, maiz aipatzen da garrantzi berezia duela PSNrekin duen harremanean.
UGT sindikatu bat da, jakina, baina erdibidean dago, sistemaren, enpresaburuen eta PSNren artean. Haien zerbitzura dagoen instrumentua da. Haren jokoa izan da beti Nafarroako erregimena finkatzea, eta enpresek beste sindikatuen aurka egiteko erabili dute. Beti izan da prest joko horretarako.

LKIko militante gisa, German Rodriguez ezagutu zenuen?
Bai. 78ko Sanferminak Gogoan taldearen inguruan mugimendu handi bat sortu da, eta jende asko dago bertan. Ez du zerikusirik garai hartako kontuekin. Oso gutxi ginen. Ikusten baduzu Germanen argazki erakusketa, hiru argazkitan azaltzen naiz: batean, hilotza eramaten; beste batean, bandera komunista batekin; eta azkenekoan, pankarta batean aurrean. Horrek esan nahi du ez ginela hainbeste. Eraso hura astakeria bat izan zen, baina garai hartan erlatibizatu egiten genuen. Garai hartan, hildakoak edozein unetan eta edozein tokitan zeuden.

Herri Batasunan sartu zinen 80ko hamarkadan, eta 1995ean utzi zenuen. Zergatik?
Nafarroako Herri Batasunan prozesu bat hasi genuen, 1993-1994 aldera. Orkoien izendatu genuen, han egin genuelako lehen batzarra. Aldarrikatzen genuen HBko politika nafartu egin behar zela. Geroago etorri zen lurralde bakoitzak erabaki ahalmena eduki behar zuela, bere erritmoekin, baina gure proposamena hamar urte lehenago egin genuen. "Honaino iritsi zarete", esan ziguten. Ondoren, Oldartzen txostenaren eztabaida etorri zen. Nafarroako mahai osoa kontra geunden, eta negoziatu genuen uztea. Jarraian, Patxi Zabaletaren proposamena etorri zen, eta osoko zuzenketa egin zion txosten hari. Proposamen pertsonala zen, baina bidea egiten hasi zen hura izan zen Aralarren hazia.

HB utzita, zer egin zenuen?
Txalapartan ibili nintzen, entziklopediak saltzen, ETAren entziklopedia barne. Halako batean, Txalapartak eskatu zidan ea gai izango ote nintzen entziklopedien argitaletxe bat sortzeko. 20 milioi eman zizkidaten, eta enpresa bat antolatu nuen Andoainen. Aralar izena jarri nion, Aralar alderdia sortu aurretik. Gerora, zurrumurruak sortu ziren horren inguruan, baina zin egiten dut halabehar hutsa izan zela izenarena! Hala ere, hura ez zen nire bokazioa, ez eta nire gaitasuna ere, baina, orain garai hartako entziklopedia haiek hartzen badituzu, irakur daiteke: "Editore: Txentxo Jimenez". Enpresa hura oso errentagarria zen, baina desberdintasunak izan nituen Josemari Esparzarekin, eta euro baten truke saldu nuen enpresa.

Lizarra-Garazi hautsi ondoren, Aralar, barne korronte bat izateari utzi, eta alderdi bihurtu zen.
Onartu behar da Patxi Zabaletak mantendu zuela, Herri Batasuna barruan, oso jarrera kritikoa borroka armatuarekiko. Ez naiz gai esateko ea printzipio moralagatik zen, baina, ezagutu dudan geroztik, argi zuen eragozpen bat zela eta gure aurka bihurtzen zela. Egoera horretara iritsi baino lehenago ere aldarrikatzen zuen, eta Mahai Nazional barruan gatazka handiak izan zituen.

Ezker abertzalearen barruan garrantzi handia eman izan zaio barne kohesioa gordetzeari.
Beti erabili zen argudio hori: edozein kritika egiterakoan, edozein barne egoera arriskuan jarriz gero, ia etsaiarekin elkarlanean aritzea aurpegiratzen zizuten. Beharrezkoa zela kohesioa mantentzea, eta, kontra agertuz gero, isil-isil alde egin, baina barruan ez zegoen inondik ere eztabaidatzerik. Publikoki are gutxiago. Hori izan zen mantra ukiezina.

Gerora bizi izan dituzu haustura gehiago, Nafarroa Bain, Aralarren... Hori izan al zen gogorrena, zauri ugari eragin zituelako?
Bai. Egoera desberdina zen. Onartzen dut, nahiz eta borroka armatuaren kontra egon, hainbat kasutan ETAren jarduera baikor ikusi izan genuela, justifikatu genuela. Denborarekin, gero eta gehiago ikusten zen ezin zitzaiola egoera hari eutsi, eta komenigarria zela behin betiko uztea. Barne egoera gogor eta itsusi bat sortu zen. Hasieran ez zegoen argi zer  egin behar genuen. Sortu zen barne oposizio gisa, baina koordinatuz joan ginen, eta, azkenean planteatu genuen alde egitea. Aralarren lehen liberatua izan nintzen, 2001 amaieran edo 2002an. Kalean pintadak egin zizkidaten, baina okerragoa zen barrutik bizitakoa. Hori ez zen ikusten.

Zer ekarri zuen Aralarrek?
Izenetik hasita, berritasuna. Mendikate baten izena jarri genion alderdiari. Sortu ginen planteamendu berritzaile eta ausart batekin. Euskal Herriak egoera itxi bat bizi zuen, borobila, bakoitza bere tokian, mugitzeko aukerarik gabe. Agertu, eta erdian jarri ginen; guztia zalantzan jarri genuen.

Garai hartan hasi zen estatuaren aldetik ilegalizazioen estrategia.
Bai, baina, sakonean, borroka armatuaren auzia zegoen: borroka armatuagatik sortu ginen, eta horregatik desegin ginen.

2003an, Nafarroan lau parlamentari lortu zenituzten, eta, handik urtebetera, Nafarroa Bai sortu. Hamabost urte atzera eginda, bakoitzak bere istorioa kontatzen du. Nola izan zen?
Hura ere apustu ausarta izan zen. Gerora, baten batek esan ohi du: "Zer ideia ona izan nuen". Koldo Martinezek independenteek jokatu zuten rola aldarrikatzen du, eta Koldo Amezketak EArena. Egiaz, Aralarren proposamen bat izan zen, eta kosta zitzaigun. Bakarrik EAJ zegoen konbentzituta, Nafarroan ez zuelako ezer. EAk hasieran ez zuen nahi inondik ere, eta kosta zitzaien onartzea. Hala ere, Madrilgo hauteskundeak ziren, eta ez genuen ezer galtzeko... Orain esaten da Uxue Barkos aurkikuntza handi bat izan zela, baina, egiazki, bosgarren aukera izan zen. Iñaki Perurenarengana joan ginen, gero Bittor Aierdirengana, Emilio Majuelorengana... Ez zuten nahi. Azkenean, Koldo Amezketak proposatu zigun bazela Madrilen ETBko kazetari bat, kongresua ezagutzen zuena, eta onar zezakeela. Horrela izan zen. Asmatu genuen, eta horrek politika ere aldatu zuen.

Hala ere, Nafarroa Bairentzat benetako ordua 2007an heldu zen. Foru hauteskundeetan bigarren geratu eta PSNrekin negoziazio luze eta konplexu bati aurre egin behar izan zenioten.
Orain ikusten ditudanean PSOEkoak Podemosekin negoziatzen, argi dut: ez naiz fidatzen. Niretzat, alderdi arriskutsuena PSN-PSOE izan da. UPNkoak ez dira arazo. Badakit zer diren, eskuinekoak. Salbuespenak salbuespen, harreman normalizatuak izan ditzakezu, eta ez dugu arazorik kafe bat hartzeko. Baina sozialistekin zer zaila den! Ezin zara fidatu. Ahalegindu ziren gu gidatzen.

Zein zen estrategia: eutsi, amaiera arte?
Jokoan zegoen azkenean gizarteak nori botako errua, eta argi genuen ezin zigutela guri errua bota. Gerora, UPNkoek esan zidaten benetako erabakia Mallorcan hartu zela. Antonio Catalan enpresaburua (Miguel Sanzen lagun mina) oporretan zela, belaontzi batean zehaztu zuen dena, agintari sozialista batekin. Gero bilatu zuten nola buelta eman egoerari, eta saiatu errua guri botatzen.

Atal hura itxi zen, baina argi geratu zen nor zen erruduna: PSN. Gaur ere nabari da egoera hari buelta eman nahian dabiltzala?
PSNrentzat hura izan zen bigarren kolpea. Aurretik Urralburu eta Otanorena izan zen, eta, burua ateratzeko aukera izan zutenean, hori egin zuten. Oraindik ere ordaintzen ari dira. Oraingo jokabidea desberdina da, badakitelako ezin dutela berriro ere egin. Sortutako itxaropenak zapuztuz gero, prezio garestia ordaindu behar da.

Egia da, horrez gain, 2007koaren ondoren, barne krisia ez zutela sozialistek ordaindu, Nafarroa Baik baizik. Zergatik?
Amaieraren hasiera hasia zelako. Ezker abertzalearen ibilbideari lotuta egon zen. Estrategia aldaketaren konpromisoa finkatu zenean, eta Gernikako Akordioa abian jarri, Aralarren barruan pil-pilean zegoen barne eztabaida.

2011 urte berezia izan zen, aldaketa askokoa. EA NaBaitik kanpo geratu zen, eta Bildun sartu. Aralar erdibidean geratu zen. Asmatu zenuten?
Ziur nago Nafarroa Baik aukera handiak zituela, eta etorkizuna bazuela. Ez zen kontraesana ezker abertzalearekin batera aurrera egitea, baina ezker abertzaleak bere arma guztiak atera zituen NaBairen kontra. Alde batetik, garrantzitsuena; EA euren aldera eraman zuten. Bestetik, Aralar barruan gatazka sortu. Lortu zuten. Saiatu ginen kudeatzen, eta izan nituen bilerak Txelui Morenorekin eta Juan Kruz Aldasororekin NaBai barruan sartzeko. Guztiok genekien asmo hura ez zela benetakoa.

Zer ondare utzi du Nafarroa Baik?
Nafarroa Baik garrantzi handia izan du. Utzi du ondare bat oso baliagarria. Nafarroan beti izan da  oztopo handi bat EAJrik ez egotea. Nafarroak behar du EAJ bat; zenbat eta indartsuago, orduan eta hobeto.

Batzuek ez dute hori ulertuko. Zergatik diozu hori?
Zergatik du UPNk nagusitasuna zentroan eta eskuinean? Haren esparruan ez dagoelako beste identitate bat ordezkatuko duen lehiakiderik. EAJ hautsi zenean, Nafarroako EAJ guztia joan zen Carlos Garaikoetxearekin Eusko Alkartasunara, baina ez da gai izan ezer sortzeko, ezer egiteko. Bizirik iraun besterik ez dute egin. Hori arazo handi bat izan da. NaBai gai izan zen egoera gainditzeko eta apur bat zuzentzeko.

Zer iruditu zaizu azken lau urteetan egin dena?
Oso gestio ona egin da, baina oso motel joan da, eta politikoki nabarmendu gabe. Nire ustez, gauza bat da aldaketa lasai bat, eta beste bat oharkabean pasatzea.

Ibilbidean "orban bat" du. 2008ko martxoan, Nafarroa Baiko taldearekin hitzartua zuen oporretan joango zela Himalaiara. Eremu mistoa zabaltzeko Euskararen legea aldatzeko proposamena zegoen tramitean parlamentuan, eta PSN alde bozkatzekotan zen. Egutegiaren arabera, itzultzerako bozkatuko zen. "Itzultzerik ez nuela ikusi zuenean, UPNk tramitea azkartu zuen, eta PSNk egoera hori baliatu zuen". Berriro aurkeztu zuten proposamena, eta PSNk aurka egin zuen.
Garai berean, Aralarrek espioitza kasu baten berri eman zuen. Frantziako aldizkari batean agertu zen, eta, hari horretatik tiraka, jakin zuten Jugoslavia zeneko mertzenario bat tartean zegoela. Zizur Nagusiko hautetsi baten bikotekidea zen. "PSOEko kide batek esan zigun egia zela, eta kontuz ibiltzeko. Esaten zuten CNIk enkargua egin zuela hiru pertsona Nafarroara bidaltzeko, eta urtebete geroago helburu hura bete zutela". Informazioa bildu zuten, eta jakin zuten militar serbiar hura batzarretan izan zela. Publiko egin zuten informazioa. "Nire kontra itzuli zen. Diario de Navarra eta komunikabide batek irrigarri utzi nahi izan ninduten. CNIk autodefentsa gisa erabili zuen hori, baina, handik gutxira, gizon hura desagertu egin zen; Hondurasera joan zen".

Joxerra Senar, BERRIAn

No hay comentarios: