miércoles, 5 de julio de 2017

EUSKARAREN HIZTUN KOPURUA EGONKORTZEKO BIDEAN DA IPAR EUSKAL HERRIAN

Bost urte guziz VI. Inkesta Soziolinguistikoak euskararen lurraldeari buruzko argazkia eskaintzen du. 25 urte bete direnean neurgailua martxan jarri zenetik –2006az geroztik Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP)ren laguntzarekin– euskararen bilakaeraren gainean irakurketa baikorra egin dute Baionan hiru administrazio eramuetako ordezkariek. Ipar Euskal Herriari buruzko datuak zabaltzeko balio izan duen agerraldian mezu bat gailendu da besteen gainetik: azken hamabost urteetako joera hausteko bidean da. Lehen aldiko, zenbaki absolutuak aintzat harturik, elebidunen kopurua ez da gehiago apaltzen. 
VI. Inkesta Soziolinguistikoa sortu zenetik 25 urte betetzen direnean, euskararen egoerari buruzko bilakaerari buruz bilana egin du Bingen Zupiria Lakuako Gobernuaren Kultura eta Hizkuntza sailburuak, gaur gaurkoz hizkuntzaren egoera orduan baino osasuntsuagoa dela erranez.
Mikel Arregi Euskarabideako zuzendariak, bere aldetik, inkestak erakusten dituen joera nagusiak «xehetasunez xehetasun, bat etortzen direlako Nafarroan euskal bizi zuen egoerarekin».
Mathieu Berge, Euskararen Erakundeko Publikoko (EEP) lehendakariari egokitu zaio Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeei buruzko emaitzen berri ematea. Hain zuen ere hori baitzen agerraldiaren berri nagusia, beste administrazio eremuetako datuak badira hilabete batzuk plazaratu baitziren.
Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko datuak aintzat hartuta, VI. inkestak joera aldaketa bat markatu duelakoan da Berge. 
Zenbaki absolutuei dagokienez, azken 15 urteetan eginiko neurketek islatzen zuten euskaldun kopuruaren galera geldotzeko bidean da. «Elebidunen kopurua ez da gehiago apaltzen Ipar Euskal Herrian, nahiz eta kopuru erlatiboetan hiztunen kopurua gutxituz doan», azaldu du EEPko buruak.
2016n burutu zen inkestak dioenez, hiru lurraldeetan 51.000 elebidun daude, populazioaren %25,5a ordezkatuz. Elebidun hartzaileen (hiztun pasiboak) kopurua emendatu da. Iazko neurketaren arabera 23.000 pertsona dira, orain dela 10 urte baino 3.000 gehiago. Gisa beran, elebidunak eta elebidun hartzaileen metaketak goranzko joera erakusten du (orotara 74.000, populazioaren %29,8a). Mila hiztun, aktibo edo pasibo, irabazi dira bost urtez.
Hizkuntza gaitasunari zein transmisioari dagokionez aurrerapausuak badira ere, inkestak argi-ilun asko ditu. Euskararen aurpegia gaztetu da Ipar Euskal Herrian, alta erabilpenaren alorrean bada zer hobetu. «Euskararen usaiazko erabilpena orokorki apaldu da, nahiz eta noizbehinkako erabilpena azkarrago den 2011an baino.
Horrendako, «bide luzea badela egiteko» aitortu du Bergek, baita beste bi lurralde eremuetatik etorritako erakundeetako ordezkariek. Inkesta erronkak fintzeko baliatu nahi dutela azaldu dute. Ipar Euskal Herriaren kasuan beste erronken artean bada bat bereziki inportantea dena. Erdaldunen kopurua azkar emendatzen ari baita hiru lurrale hauetan. Azken bost urteetan  9.000 erdaldun gehiago heldu baitziren Iparraldera. Horiek «nola erakarri euskararen unibertsoa» erronka garrantzitsutzat jo du Bergek.
Bada abantaila: inkestak argiki erakusten du biztanlearen gehiengoa, hemen sortua izan ala ez, bai hezkuntza baita administrazioaren gainerako eremu guztietan euskara garatzearen alde dagoela. Iritzi publikoa alde dutela, erabitzaile publikoen esku dago, ondorioz, beharrezko diren politikak aitzinaratzea. Bergek nabarmendu duenez, hizkuntz politika eremu isolatu batean jorratzea eredu zaharkitua da, euskararen garapena zerbitzu publiko bere osotasunean hartu behar duelako ardatz. 

Maite Ubiria (naiz.eus)

No hay comentarios: