viernes, 22 de junio de 2018

FERMINTXO ETA BIOK

I. Fermintxo zezentxoa. Femintxo ttikia da eta sendoa, ahuntzattoa bezalakoa, hain da samurra bere jostailu aurpegia eta hain da ipurtarina, ze, irudi du esan nahi duela: goazen, jauzika egin dezagun, ostikoka ibil gaitezen orpatxekin eta larrea goza dezagun. Bere begiak, kristalezko puxtarri beltz bi, sorgin-orratzen inbidiarako; horietan gordetzen dira Fermintxoren gurasoen sekretuak, bere gurasoen gurasoengandik jarauntsiak. Eulittoak eta iteuliak sigi-saga ibiltzen dira bere aurpegittoaren inguruan, bere ametsak eta gogoetak harrapatu nahiko balituzte bezala... Galdetzen diot neure buruari ea bere begiek ez ote duten oroimenik izanen, ortzi-mugari so geratzen baita Fermintxo, izanen balute bezala; lehenengo arbasoaren memoria, Urorena, begi-niniez haratago.
Larrean lasai bazkatzen da eta noizbehinka niregana etortzen da lasterka, zirikatzera bere jolasetan laguntzeko. Zabu ikusezina kulunkatzen duten zuhaitzetara hurbiltzen da, ezkutatzen naizen eta amets egiten dudan lekuraino, jendea nire bila ibiltzen den bitartean, galduta ez ote naizen ibiliko beldurrez. Noiz edo noiz, han gelditzen da Fermintxo, lasai, bere ipurdiari hazka eman nahi diozularik, urrumaka, katutxoa bezala, kontent dagoela seinale buztana mugituz. Beste batzuetan adeitasunezko zaplazteko maniatsu bat bizkarrean ematen diozularik, bere larruak hauts gorrikarazko zurrunbilo ttipi bat aireratzen du eta ihesi egiten du trosta jolasgarrian. 

II. Amesgaizto gorrien gauak. Librea da, inorena ez; Fermintxok ez dio inori kalte egiten. Beltz beltza da, hondartzako harri biribila bezalakoa eguzki hezearen azpian, ikatzaztua. Noizean behin, lotan dagoenean, ematen du amets egiten duela, ikarak sorten baitu bere gorputz kotoiztuak. Bere ametsetan hegan egiteko gauza da eta arkakusoak egiten duen jauzia bezain luzea egiten du salto berak, txirrikatik zintzilik dagoen lastozko fardoaren gainetik lurrerainokoa, bere sabelean kilikak sentituz. 
Baina, zenbaitetan, Fermintxok baditu amesgaizto gorriak. Gero eta handiago eta indartsuago egiten dela amesten du eta erretzen duen eguzkipera botatzen dutela halako ukuilu karratu eta handi batera, non ziriak sartzen dizkioten, bai eta arpoi pare bat ere, eta lantza zorroztu bat iltzatzen diotela bizkarrean, ebakitzen dutela eta zarratatzen dutela, eta garrasi egiten duela eta negarrari ekin, espata bat goitik beheraino sartzen dioten arte eta zarrata mingarria haragian sentitzen duelarik, intziri eta negarka, buruz nahasirik; eta oinazeak jota gutxika gutxika itzaltzen dela txalo zaparraden artea. Horrengatik, Fermintxok badu zezentxo nano baten itxura, planto egin baitzion handitzeari. Fermintxok, ttikiagokoa zelarik, gogoratzen du amek eta aitek oihu egiten zietela (hiltzaileak!, hiltzaileak!) etxoletatik bigantxak eramaten dituzten gizaki horiei eta bera ezkutatzen zela amaren magalean.
Fermintxok beldur dio gorrizko gauari, bere ittogarritasunari, beldurarri beldur dio; eta ni saiatzen naiz bere ezinegona kulunkatzen arindu nahian, alpapazko hitzak xuxurlatuz, masustez eta mahatsez hitz eginez, belar bigun eta freskoez, betile luzeko betizu gazteez, bere ametsak zaintzen dituzten horietaz; bere arnasa mantsotu arte, salbu sentitzen den arte, bakean. Fermintxok negar egiten duenean, ez du ematen zezena denik, Zamorako astottoa baizik, bere belarriak ohi baina luzexeagokoak baitira; kateme maniatsu eta losintxaria bezalakoa, besarkadak eta hazka-laztanak eskatzen dituen horietako bat, muturra zure eskuaren azpian egokituz.
Txaloak, irribarreak, oihuak, sufrimenduaren lepotik botatako algarak… Nola interpretatzen ahalko genuke hori guztia gizakion hizkuntzan? Animaliei eraginiko tratu txarrek ez dute gizakion duintasuna kaltetzen? Krudeltasuna zilegizko bihurtzea ez al da jada iraingarria Lurreko familiarentzat, Fermintxo? Gustu kontua al da?, askatasunez aukeratze kontua? Hain gutxi balio duzue animaliok halako tratamendu ezatsegina merezi duzuela? Noiz eginen da giza justizia errukiago, basati gutxiago eta zibilizatuago, Lurreko izaki guztiekin enpatikoago? Zezen-plazetan ba al du alderdi positiborik inoren heriotzak? Xahu gara gu, bortxaz humanizatutako animaliak izan baikara eta xahu zara zu, Fermintxo, bortxaz etxekotutakoa.

Bittor Abarzuza Fontellas

No hay comentarios: