Txillardegi euskara batuaren aita dugula errepikatzen dut, euskal elite ofizialek zor hori ez baitiote aitortzen, Euskaltzaindiak salbu. Arantzazuko biltzarra goraipatzen dute, arrazoi osoz, haatik Baionakoa bazter utziz gertatu ez balitz bezala. Egia da 1968ko udan Arantzazun euskara batuaren lehenbiziko alea bataiatu zutela ofizial eginez. Haatik 1964ko abuztu hondarrera Baionan sortua zen ikasturte bateko lan jarraikiari esker, lan horretan parte hartu genuenek Txillardegi genuelarik gidaria eta eredua: dena kudeatzeaz gain, ekarpenik handiena berak egin zuen.
Duela urte batzuk Donostiako udal biltzarrean abertzaleek proposatu zuten hiriko gune bati donostiarra zen Txillardegiren izena eman zedin, baina PPko zinegotziek aurka egin zuten ETAkoa izan zelakoan.
Bi gauza ahanzten zituzten: batetik, amnistia; bestetik, idazleak erakunde armatua 1967ko udaberrian utzi zuela V. Biltzarraren ondotik. Orduan, borroka armatuak ez zuen oraino erahiltzen, lehenbiziko heriotzak 1968ko ekainean gertatu beharrak ziren. Eta gehitzen dut Jose Luis militante politikoa zela, ez militarra. Orain, udalean PSEkoen adostasuna behar omen litzateke. Haatik, horiek PPkoen ber aitzakiak eduki al ditzakete? Ez zait logikoa iduritzen. Txillardegik ez bezala armak erabili zituzten ETAtiar ohi batzuk beren alderdian onartu zituzten, bereziki ondoko bi hauek, Burgosko auzian hiltzera kondenatuak izan zirenak eta gero amnistiatuak: Mario Onaindia Natxiondo eta Eduardo Uriarte Romero.
Zergatik eta zertako herritar idazlea diskrimina lezakete? Baina zoritxarrez aurka jar balite, demokrazian ez ote du gehiengoak erabakitzen? Euskal aferetan beti gutiengoaren betoa jasan behar ote da?
Haatik, Txillardegi ez da soilik euskara batuaren aita, ber denboran bospasei arlotan jardun baitzuen, aitzindari tokian gainera: frankismo garaiko abertzale berria, sozialista librea, Iparraldeko euskaldunon lagun goiztiarra, idazle oparo eta polifazetikoa, bide berrien urratzailea sail ezberdinetan…
Erabili ez zuen bortizkeriaren estakurua bazterturik, gainera praktikatu zutenena amnistiatua dagoelarik, baita zenbaitena barkatua, ahantzia ere dirudienez, Txillardegiri zer pagarazi nahi ote zaio? Burua ez sekula makurtzea? Saihesbidez eta zidorrez ibiltzea? Euskararen alde bipilkiegi mintzatzea? Arren zer ote? Komedia triste horrek bukatu behar luke azkenean, zentzugabea delako eta kaltegarria.
Euskal idazle askok hola sentitzen duela seguru bezala niagozu. Edozein herritan aipatu ditudan alorretako bakar batean nabarmendu litzatekeen herritar baten izena herriko toki bati eman lezakete: plaza bati, kale / karrika bati, agian kultura gune bati… haatik, orainokoan ez Euskal Herrian. Horretan ere salbuespena egon behar ote dugu, “l’exception basque“?
Jatorrizko hizkuntzari gehienik ekarri diona zokoratuz baino gehiago, zeharo baztertuz? Tematsuak omen gara euskaldunak, eta hor zinez erakus genezake, haatik ez onerako. Hemen dena onartzen omen dela, salbu bortizkeria? Ipuin ederra!
Euskal Herrian “euskaldunegi” agertzea bekaturik handiena dela iduri luke, euskal hiztunak hemen toleratzen gaituztela boza finkiegi altxatzen ez duguno. Bestela kontuz eta kasu! Edozein euskal lurretan, Zuberoan hasita, ama-hizkuntzan hasi baiko maiz erdi arrotz sentitzen naiz, inbasore talde bateko kidea banintz bezala. Hori da Txillardegi diskriminatzen ikusteak sakontzen didan sentimendu jasangaitza, eta gura nuke euskaldunegi agertzearen arrazoi hori gezurra izan dadin, zinez.
Bai, pentsatu nahi nuke oker nabilela, eta kezka hori baduket Txillardegiri zor dioguna ordaintzen ikusi arte, bereziki euskal erakunde ofizial eta instituzioen aldetik, baina denbora guti gelditzen zait. Zazpi urte igaro dira haren heriotzaz geroztik, bizi zeno ere gorazarre gehiago hartze zukeen, eta ordu luke euskara batua Txillardegiri, guk bezala, zor dioten ente horiek azkenean aitor diezaioten.
Donostia aipatu dut, sorterria zuelako, baina gainerako Euskal Herri eta hiri guziek ber zorra diote: zeren zain daude kitatzeko?
Jean Louis Davant (Ipar Euskal Herriko Hitza)
No hay comentarios:
Publicar un comentario