Espainiako prentsak bozkario alaiz eta atsegin handiz ekin dio Puigdemonten atxilotzearen atzean CNIk garatutako lanak adierazteari: jarraipen balizak zituela bere autoan ipinita, haren sakelakoa ere kontrolpean zuela, uneoro non zebilen jakin ahal izateko eta abar. Honelako albisteei darraizkien iruzkinetan berriz, atxiloketaren aldeko eta aurkako aldarrikapenez at, albistea bera zalantzan jartzen zuenik ez nuen topatu atzo.
Inozo ala hordago?Nahikoa da mapa bati begiratzea, Helsinkitik Bruselara dagoen tartearen handia ikusteko. Bi mila kilometro baino gehiago, Michelin gidaren arabera. Nork egiten ditu bi mila kilometro pasa autoz gaur egun? Prentsan irakur ahal izan denez halaber, Puigdemontek bazuen itzulerarako hegazkin txartela, ostiral arratsalderako, eta atxiloketa agindurik ez zegoen oraindik indarrean Finlandian, Espainiak dokumentazio osoa gaztelaniaz bidali zuelako eta Finlandiak atzera bota eta ingelesez bidali zezan eskatu ziolako. Bere abokatuek adierazi zuten gainera Finlandian joko zuela poliziarengana atxiloketa aginduak han harrapatzen bazuen edota Belgikan egingo zuela gauza bera, han egokitzen bazitzaion agindua jasotzea.
Puigdemontek bazekien han edo hemen, komisaldegira joan beharko zuela, Espainiak atxiloketa euroagindua piztu zuela jakin zuenetik. Finlandian gera zitekeen, Bruselara itzuli zitekeen hegazkinaz, baina ez bat eta ez bestea, bi mila kilometro pasa autoz egitea erabaki zuen, nik esan behar banu, kontuak aterata Espainiak, egin duena egingo zuela. Honuzgero hamaika aldiz erakutsi digu gizonak inozotik ez duela izpirik ere.
Sorgin-ehizaren atzean dagoen PPko buruzagitzak gogoeta egingo zuen oso harreman onak dituela Merkel-ekin eta Alemaniako legedian badela aberriaren aurkako traizioaren delitua, bai eta autodeterminazio erreferendumak egiteko eskubidearen ukazio esplizitua. Baina Puigdemonten aldetik ere ez bide dute begi txarrez ikusi Alemanian atxilotzeko aukera, hainbat arrazoi tarteko.
Batetik, botereen arteko banaketa erreala delako Alemanian, eta bertako tribunalen epaietan bere aldeko izan daitezkeen bi aurrekari astun daudelako: Ezin da inor estraditatu, eskabidearen atzean motibazio politikoa badago, ez eta eskabidea egiten duen estatuan epaiketa bidegabea izango badu. Llarenak orain artean hain naro garatu dituen “lege”-argudio harrigarrietan oinarri sendoa ikusi bide dute Puigdemonten abokatuek aurrekari horiek ustiatzen saiatzeko.
Bestetik, garbi ematen du Puigdemontek ez zuela ihes egin bere burua salbatzeko, Kataluniaren auzia nazioarteko plazan eraginkorrago jartzeko baizik. Eta hein honetan ulertzen dut atxiloketa lekuaren aukera. Kataluniaren gaia nazioarteko plazan baretzen ari zen une batean, Europako agintea eta lidergoa duen estatu nagusira jo du, estatu txiki periferiko batetik lortu zezakeena baino askoz ere burrunba handiagoa eskuratuz bere helbururako, atzo bertan Alemaniako prentsa guztian ikus zitekeen bezala. Eta hau hasi besterik ez da egin, epailearen erabakia hiru hilabete barru iritsiko delako ohiko epeen arabera. Hiru hilabete Europako plaza nagusiko lehen lerroan, Europako naziorik boteretsuenaren iritzi publikoari eraginez, zalantzarik gabe Katalunian piztuko den suak lagunduta.
Azkenik, Alemaniaren aukerak, badu beste hobaririk ere. Espainiak ezin dio presiorik egin, estatu txiki bati egingo liokeen moduan. Eta gaia alemaniar iritzi publikoan eragiten hasten bada, bertako politikariak ernegatzeraino, Alemaniak badu behar hainbat indar Espainiari PPk gustuko izango ez duen irtenbide bat exijitzeko. Hori esango nuke izan dela Puigdemonten hordagoa. Etorkizunak esango digu luze baino lehen nork zituen karta hobeak.
Gaur esan daitekeen bakarra, zera, tipoari ez zaiola ausardiarik falta.
Juan Inazio Hartsuaga, zuzeu.eus
No hay comentarios:
Publicar un comentario