“Euskarari gorazarrea” liburua
plazaratu du, non berak idatzitako hainbat artikulu bildu dituen, hasi 1994an
eta 2013. urtera artekoak
Pedro Iturriak (Iruñea 1951) “Euskarari gorazarrea” atera du, Denonartean
argitaletxearen bidez. Ikasketaz eta lanbidez farmazialaria da. Baina 25 urte
zituela, eta Gasteizen zegoela, euskara ikasteari ekin zion, gau-eskolara
joanda, eta orduantxe erabat aldatu zitzaion bizitza. Euskal hizkuntza izan du
iparra eta euskararen aldeko hainbat ekimenetan nabarmendu da.
Zure aitak
euskara jakin ez zekien, baina ederki baloratzen zuen, ezta?
Bai, hori garbi dago. Ni mutiko nintzela, etxean behin eta berriz agertzen
zen hizkuntzaren alde eta euskal kulturaren alde. Liburuan ere esaten dut:
zekien apurra erabiltzen saiatzen zen. Igual laguntzen nion bi basoerdi
hartzera eta tabernako zerbitzaria euskalduna bazen, segituan esango zion “arratsalde on” eta edaria euskaraz
eskatuko zion. Aitari zor diot euskaltzaletasuna.
Bera
Iruñekoa zen?
Bai, Madrilen ikasi zuen Kimika. Errenterian ibili zen lanan, Leonen, eta
azkenean Iruñean egin zuen lan, Diputazioan, Osasun Publikoko laborategian.
Liburuan ere esaten duzu: euskara
gutxi jakinda ere, ezagutzen den apur hori sozializatu egin behar da.
Hori da! Liburuaren aurkezpen-ekitaldian ere esan nuen. Euskara erabiltzeko
da, eta gutxi badakigu, gutxi hori erabili egin behar dugu eta halaxe
adieraziko dugu euskara maite dugula. Kazetari bati esan nion: ni mutikoa
nintzela, frantsesez nahiko ondo moldatzen nintzen. Gero ahaztu egin nuen,
baina frantsesen bat sartzen bada botikara, saiatzen naiz harekin frantsesez
egiten, hanka sartzen dut baina ez naiz lotsatzen. Gauza bera egin behar dugu
euskaldunok: nahiz hanka sartu, euskaraz egin! Londresera baldin bazoaz,
ahalegintzen zara ingelesez egiten, ezta? eta ez zara lotsatzen, ala?
Perfekzionismoa
uxatu behar dugu.
Hiztun denok ez gara berdinak. Batzuk trebeagoak dira besteak baino. Horregatik ez dugu kikildu behar.
Zure liburuan pasadizo
polit bat ikusi dut, grazia egin didana, ni Legazpikoa bainaiz: zure amonak
topo egin zuen Iruñean Patrizio Etxeberria enpresariarekin eta euskaraz egin
omen zuten.
Hori esan zidan amonarekin lan egiten zuen gizon batek. Botikara etortzen
zen eta esan zidan. Nik amonari sekula ez nion euskaraz aditu, baina Ultzamakoa
zen eta seguru zekiela euskaraz. Amonaren senarra errementaria zen eta gazte
gelditu zen alargun. Burdindegia ipini zuen Iruñean, San Saturnino kalean, eta
behin Patrizio Etxeberria agertu omen zitzaion, bai, botikara etortzen
zitzaidan gizon horrek esan zidanez. Galdetu zidan: “Baina zu ez al zinen konturatzen amonak ze azenturekin egiten zuen
gaztelaniaz?” Ni mutikoa nintzen, ordea; hamahiru edo hamalau urte nituela
hil zen.
Zure amona horrek ez zuen euskaraz
egingo, alde batetik, hizkuntza horrek prestigio sozial exkaxa zeukalako.
Hori da! Erratzuko izeba Juanitak gure aitari esaten ziona: Zer iruditzen
zaizu, Santiago? Erratzuko neskak lotsatzen dira Elizondora joaten direnean,
erdaraz oso gaizki dakitela iruditzen zaielako eta horregatik ez dute gehiago
euskaraz egin nahi. Eta gure aitak: Neska horiek burutik daude!
Segurakoa duzu emaztea eta sarri
joaten omen zara hara. Karrera ikasten ari zinela ezagutu zenuen?
Ez, ni baino gazteagoa da emaztea. Mari Jose Ormazabal deitzen da. Hemen
Iruñean botikan lanean ari nintzela ezagutu nuen. Aldameneko farmazia batean
egiten zuen lan, eta egun batean titularrak esan zion niregana etortzeko,
zerbait erakutsi behar niola eta. Halaxe hasi ginen, eta gaur arte. Aldameneko
botikako titularra Marilo Irujo da, Manuel Irujoren biloba. Ondo moldatzen
gara. Liburuan diodana, emazteari esker, eta segurarrei esker, azkenean lortu
dut euskaldun osoa izatea. Zu legazpiarra baldin bazara, jakingo duzu: gauza
bat liburuetan ikasten dituzun deklinabideak eta beste bat benetako hizkuntza.
Emazteak askotan esaten zidan: “Motel,
hori errazago da, hori esaten da horrela”.
Hasi, Gasteizko euskaltegi batean
hasi zinen ikasten.
Bai, eta ni nintzen gelako zaharrena. Hogeita bost urte nituen. Eta nolako
ilusioa!
Gogoratzen al duzu metodoa? Patxi
Altunarena, agian?
Ez, apunte batzuk erabiltzen zituen irakasleak. Han ez zegoen libururik.
Urte haietan, pentsa! 1976ean zen. Gauzak bere testuinguruan kokatu behar dira.
Adibidez, 1976ean euskararen egoera Gasteizen eta Iruñean oso bestelakoa zen.
Askoz gutxiago hitzegiten zen. Gogoratzen naiz nola urte batzuk geroago
eskolapio batekin hitz egiten nuen. Gerra garaian gudarien kapilaua izandakoa
zen eta zoriontsua zen Euskadi Irratia aditzen zuelako eskolapioen ikastetxean.
Eta guk berriz, handik kilometro gutxira, Uharteko etxean, ezin genuen irrati
hori harrapatu. Orain beste testuinguru batean gaude. Eta gauza bera gertatzen
da erreparatzen badiozu nola antolatzen genuen Euskararen Eguna Uharten. Ipini
ditut liburuan kartelak: eskuz eginak dira, artisauak. Eta duela hogei urte,
euskal meza bat antolatzea herrian gauza handia izan zen; orain erlijioak
horrelako indarrik ez du. Edo zer esango nizuke? Duela 25 urte, botikarien
elkargoaren aldizkarian lehenengo aldiz euskarazko artikulu bat jartzea lorpen
handia izan zen.
1995ean sortu zenuten Farmazialari
Euskaldunen elkartea.
El Diario Vasco-n behin baino gehiagotan azaldu gara aipatuta, batzarrak
askotan Gipuzkoan egin ditugulako.
Jarraitzen duzu hango zuzendaritza
batzordean?
Ez. Orain gogoeta-prozesu batean dago elkartea. Batzarra, oker ez banago,
ekainean egingo dugu aurten, eta Hernanin. Eta jakin dut bi neska gazte,
gipuzkoarrak, prest azaldu direla zuzendaritzan sartzeko. Jarraibidea agerkari
digitala da. Badakizu, orain gazteek digitala nahi dute.
Zure botikak poxadera
dauka, ezta?
Bai, aspaldiko ur-putzua dauka. Obra egin genuen botika barruan eta lanean ari zen
Europako Ekialdeko langile batek esan zidan hor putzua zegoela. Deitu nion
diseinatzaileari eta garbitu zuen alde hori. Udaletxean eman genuen
aurkikuntzaren berri, elementu historikoa delako, eta gaur arte! Hondoan ura
agertzen da, batzuetan gorago, besteetan beherago. Estafeta kalea oso altu dago
Parte Zaharrean, baina hala ere ura agertzen da, aizu! Udaleko teknikari batek
esan zidan etorri zenean: Erdi Aroan, Iruñeko Alde Zaharrean, jendeak pozaderak
eskribatzen ibiltzen zen. Gero, ur-sarea ipini zenean, putzu horiek denak
tapatu egingo zituzten, toki gehiago izateko. Nik erosketa egin nuenean,
eskrituretan ez zen ezer aipatzen.
Noiz hasi zinean
lanean Estafeeta kaleko botikan?
1979an etorri nintzen, Gasteizen hiru urte egin
ostean.
Felix Ibargutxi, El Diario Vasco-n
No hay comentarios:
Publicar un comentario