martes, 24 de noviembre de 2015

NAFARROAKO GOBERNUAREN IZENA ELE BIZ BETI

Nafarroako Gobernuak dekretu proiektu bat idatzi du Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofizial berria erabiltzeko irizpideekin. Nafarroako armarriaren ondoan erakundearen izena beti euskaraz eta gaztelaniaz jartzeko esan du: Gobierno de Navarra jartzearekin batera, Nafarroako Gobernua idazteko. 1985. urtean, lehen aldiz gaia arautu zuten sasoian, bi izendapenak aintzat hartu zirela gogorarazi du, eta 2004an egindako foru dekretu batek ekarri zuela gaztelaniazko hautua lehenestea. Horregatik, testu berriarekin, dekretu hori ezeztatu nahi du gobernuak. Irudi berria erabiltzen ari da jada gobernua, eta gogorarazi du legeak aldaketaren aldeko heldulekuak ematen dituela: Espainiako Konstituzioaren 3.3 artikuluak eta Euskararen Legeak, kasurako, erkidegoetako hizkuntzei eman behar zaien toki «gailena» hizpide du gobernuak.
«Nafarroa berezko bi hizkuntza dituen erkidego bat da; euskara eta gaztelania. Errealitate hori islatu egin behar da Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofizialean, eta haren ikur grafikoan Nafarroako aniztasuna azaldu behar da, eta administrazioak bien erabilerarekiko eta errespetuarekiko duen konpromisoa». Hitz horiekin defendatu du Nafarroako Gobernuak dekretu berria egiteko arrazoibidea testuan. Herritarrekiko eta Instituzioekiko Harremanetako Departamentuak sustatutako dekretua da, eta onartzeko prozesua martxan dago.
Nafarroaren Gobernuaren peko egitura administratibo osora zabaldu nahi dute sinbolo ofizial berria; departamentu guztietara eta haren ardurapeko erakunde autonomo denetara. Joera ez da izango, hala eta guztiz ere, orain arteko legediaren pean egindako ikurrak baztertzea; horiek gastatu eta hondatu ahala, euskara eta gaztelania aintzat hartzen dituen irizpidearekin egin beharko dira sinbolo berriak. Testuan aukera ematen da Nafarroako Gobernua eta Gobierno de Navarra idazkunak Nafarroako Gobernuaren alde bietara jartzeko, edo bi lerrotan, armarriaren alde bakar batera. Betiere, erabilera klase guztietan, bi idazkunak jarri beharko dira. Eta tamaina berean.
BERRIA

No hay comentarios: