viernes, 16 de febrero de 2018

GAZTELANIA KATALUNIAKO HEZKUNTZAN INPOSATZEKO 155a ERABILTZEKO PREST DA MADRIL

Azken asteetan Ciudadanos alderdiak hartutako noranzkoa baliatuta – langile publiko izateko gaztelania baino ez lehenestea, besteak beste –,  PPren gobernuak ere keinu bat egin nahi izan die bere jarraitzaile kontserbadoreenei eta Kataluniako hizkuntza politiketan esku hartzera aztertzeko ardura hartu du: hezkuntzan murgiltzeko matrikulazioetan izen ematerako orduan gaztelania lehenesteko aukera eskaini nahi dute. Societat Civil Catalana eta AMESek bultzatutako ekimena beso zabalik hartu dute Madrilen. 155. Artikuluarekin ezartzea “bateragarria” den ala ez aztertzen ari dira eta datozen asteetan jakinaraziko dute erabakia.

Mariano Rajoy ostegunean bildu zen Societat Civil Catalanako kideekin eta gaia gobernuaren interesekoa izateaz gain, herritarren arteko “kohesioa bultzatzeko” ariketa izan dela nabarmendu du. Carles Puigdemontek aise erantzun dio eta abertzaletasun espainiarra hauspotzeaz leporatu dio. Kataluniako kultura erakudeek nahiz hezkuntza arloko taldeek goitik behera arbuiatu dute Espainiaren asmoa eta katalanaren aurkako eraso sendoa dela esan dute.

Betiko leloa
Katalanaren eta gaztelaniaren arteko gatazka beti egon da Kataluniako sektore espainiarraren jomugan. LOMCE indarrean jarri zen garaian legeak argi utzi duen hezkuntza sistemak ezin zuela gaztelania albo batera utzi, eta gaztelaniaz bi ikasgai ematea soilik ez zela nahikoa. Bide judiziala hartu zuten familiek hainbat epaiketa irabazi dituzte. Ebazpenak diote ikasgaien %25 behintzat gaztelaniaz izan behar direla.
Kataluniako Hezkuntza Legea 2009an onartu zuen orduko parlamentuak eta, besteak beste, katalana hezkuntza prozesuko hizkuntza gisa ezarri zuten “ohiko egoeretan”. Hala ere, ikastetxe bakoitzari hizkuntza plan propio bat izateko aukera ematen dio legeak. Gauzak horrela, 2015ean Kataluniako Hezkuntza sistemaren baitan dauden eskolen %14,1 gaztelania hautatu zuen hainbat ikasgaietako hizkuntza nagusi gisa. 2012an, jada, Jose Ignacio Wert orduko Espainiako Hezkuntza ministroak esan zuen euren helburua ume katalanak "espainiartzea" zela. "Katalanak izateaz harro dauden bezala, espainiarrak izateaz ere harro egotea nahi dugu".

Miren Osa, ARGIAn

No hay comentarios: