Txapelketako bigarren finalaurrekoa jokatu da Leitzako zineman, 215 bertsozalek segitu dute saioa zuzenean. Hasi aurretik, Leitzako Bertso Eskolako gaztetxoek ongi etorria eman diete entzuleei, bertso sorta baten bitartez.
Saioari dagokionez, Estitxu Arozenak bildu ditu puntu gehien, hortaz zuzenean sailkatu da apirilaren 9ko finalerako. Saio erregularra egin du lesakarrak eta puntuazioan alde handia samarra atera die gainerako bertsolariei. Bigarren postua Xabier Terrerosentzat izan da eta hirugarrena, berriz, Ander Fuentes “Itturri”-rentzat.
Saioan ziren beste bi lesakarrek, Iñigo Olaetxeak eta Josu Sanjurjok, laugarren eta bosgarren egin dute, hurrenez hurren. Miel Mari Elosegi”Luze” leitzarrarentzat izan da gaurko seigarren postua.
Estitxu Arozena eta aurreko astean Berako finalaurrekoa irabazi zuen Jon Barberenak ziurtatuta dute finalerako sailkapena. Gainerakoek hurrengo astean izanen den hirugarren finalaurrekoaren zain egon behar dute, puntuazioak erabakiko du finalera pasako diren ala ez.
Lur aretoan da martxoaren 26ko azken finalaurrekoa, 17,30etatik aurrera. Sei bertsolari igoko dira oholtzara: Julio Soto, Xabier Silveira, Aimar Karrika, Julen Zelaieta, Iñigo Ibarra eta Aritz Saragueta.
nafarroakotxapelketa.com
No hay comentarios:
Publicar un comentario