jueves, 19 de diciembre de 2019

HOSTO-HAIZAGAILUA ETA INGURUMEN POLITIKA

Haizea botaz belar-sailak, bide-ertzak eta inguruak hostoz garbitzeko erabiltzen den makina motorduna, bizkarrean eramaten ohi dutena eta gasolinaz edo argindarraz funtzionatzen duena. Ze gogaikarriak diren!Baina hor dago Txerrenaren makina, garapenaren ikur. Garapena? 
Lan gogorra kentzeko omen dago asmatua ditxosozko trastea, baina kaltegarria da oso. Lehenengo, zaratatsua delako, kalte egiten die animaliei edo paseatzaileei, bai eta erabiltzen duten horiei, nahiz eta segurtasun kaskoak eraman. Bigarrenik, pisutsua ere bada, 7 edo 10 kilokoa, luze erabiliz gero, txarra bizkarrerako. Eta azkenik, erabat kutsakorra da, batez ere erabiltzen dutena gasolinazkoa baita. Traste zaharra bada, anitzez kutsakorragoa, eta, horietarik dexentebadira, ziurrenik 85 dezibelioen inguruan soinu gogaikarri hori sortzen dutenak. Munduko Osasun Erakundearen iritziz, zarata hori saihestu behar da eta,beste batzuen iritziz,baxuagokoa ere bai. Nerbioetan ere eragiten omen du zarata horrek, antsietate prozesuen kalterako.

Erosotasunaren izenean, zenbat aparailu eta zenbat katxarro. Erosoa al da?. Erosoa izan daiteke, bai, izan daiteke. Horrek gogora ekartzen dit egunotan wasap bidezjasotako istorioa. Nola supermerkatuko kutxazain batek aurpegiratu omen zion atso bati bere belaunaldikoei ez zitzaiela axola ingurumena zaintzea ondorengoei begira, atsoak plastikozko poltsak hartzen zituelarik ikusita. Atsoak erantzun omen zion halako gisan: garai hartan esne, freskagarri eta garagardo botilak dendara itzultzen genituen, dendak fabrikara eramaten zituelako garbitzera, esterilizatzera eta betetzera, behin eta berriro erabiltzen ahal zirelarik. Eta ildo beretik jarraitu omen zuen atsoak: paper birziklatuzko poltsaz, oinez leku batetik bestera ibiltzeaz (eta ez auto sakratuaz), pixoihalak garbitzeaz eta abar eta abar arituz; lehen, “ingurumen kontua” existitzen ez denean, askoz ohikoa baitzen natura zeharka zaintzea orain baino. Eta begiratuko bagenio kontuari? Zenbat diru xahutzen du demoniozko hosto-haizagailu horrek?. Zarrea eta isatsa egokiro erabiltzea ez al zen anitzez osasuntsuagoa izanen?. Gainera, lanpostu gehiago sortuko ziren, azken finean, halako makinek milaka lanpostu deuseztatu dituzte eta atsedenaldiak egokiro hartuz gero, gorputza mugiarazteko balio dezakete eskuzko tresna horiek,osasunaren mesederako. 

Baina, gizakia animalia tematia da. Euritakoa astindu beharrean, poltsaratzeko makinan hura sartu eta plastikozko poltsa eder batean bildu behar du garapenaren izenean…

Gazteek bere kezka agertu dute etorkizuna gogoan. Ongi litzateke zaharrek ildo beretik munduari zerbait irakastea ea tartean dauden helduek antzematen duten. Batez ere boterea duten horiek, ze, azken finean, kontua politikoa da: gobernuek badituzte bere lantoki eta egoitzetan ingurumena zaintzeko arauak konpliturik? Zaborrontzi egokiak liburutegi publikoetan?. Ingurumen saileko departamenduetan?. Lorezaintzako tresneria gordetzen duten biltegian?. Auskalo median.Nire amak esaten zuen: Batak besteak egin behar duela, besteak hark egin behar duela, etxea garbitzeke, edo, batak ez jakinez, besteak ezinez, egitekoakdoaz gaizki eginez.Bi etxetako zakurra, goseak hil.

BitorAbarzuza Fontellas

No hay comentarios:

Publicar un comentario