Madrilera bidean doala hitz egin du Amaia Amilibiak BERRIArekin. Artean Joan Ander Cob semearekin zer gertatuko zen ez zekiela, eta goizeko atxiloketekin asaldatuta. Itxaropentsu bai, eta okerrenerako prest ere bai: «Badaezpada, baditugu autoan bi leku, bi familia goaz eta. Espero dugu hiru joatea eta bost itzultzea. Hori da aukera bat. Bestea da kartzelara joatea, eta horretarako ere prest gaude. Badugu maletatxoa prest, eta ikusiko dugu etorkizunak zer dakarren; noizbait zuzenduko da hau. Horren esperantza dugu. Zuzendu behar da hau».
Kalera irten naizenean, behin eta berriz eskatu dut, baina ez didate eman nahi izan. Gazteari eman nahi zioten. Eman ere ez diote eman. Zitazioarekin etorri dira, eta ikusi dugu zeinek sinatzen zuten: Concepcion Espejel, Manuela Fernandez eta Eduardo a epaileek. Aukera izan dugu irakurtzeko xehe-xehe zer zioten, eta abokatua telefonoan zegoela egin da guztia. Alde horretatik, orain dela urte eta erdiko atxiloketarekin alderatuta, ni neroni gusturago geratu naiz, halako egoera txar batean.
Egia esan, ez genuen espero. Atzo arratsaldean bai, halako mugimendu asko gertatu ziren herrian. Jende ezezagun pila bat ikusi genuen autoetan, gazteen inguruan, gure inguruan ere bai. Eta horrekin kezka handia sortu zen gure artean. Halaxe pasatu dugu gaua. Gau luzea izan da. Oso gau nekeza izan da, oso gau zaila. Bada tortura psikologiko bat ere, ez dakizulako besterik gabe zaintzen ari diren edo gehiago den. Ez dakizu. Goizean, nola joan lanera? Nola joan ikastetxera? Nola egin bizitza normala?
Gaizki, gaizki. Nik atzo semea oso kezkatuta ikusten nuen, leihotik begira, eta zer egin ez zekiela. Hau ez da ulertzen. Hau beste dimentsio bateko zerbait da.
Ostiralean etorri zen epaia. Terrorismoaren akusazioa kendu arren, oso zigor gogorrak ezarri ditu. Bederatzi urtekoa Jon Anderrentzat, adibidez.
Orain arte, hau zen ematen ziguten aukera bakarra: lekukoak aurkeztea, gure probak aurkeztea, ikus-entzunezkoak aurkeztea... Hori zen aukera, eta benetan justiziaren bila egia nahi zuenak, hor zuen egia. Egiarekin joan gara. Guri 24 gazte lekuko atzera bota dizkigute, baina, hala eta guztiz ere, egiarekin joan gara. Epaiketa oso ondo joan zen, gauza asko agerian jarri ziren: hainbeste jende ezinezkoa zela, beraiek diotenean inork ez ziela lagundu hori ere gezurra zela, hor egon zirelako hainbat laguntzeko prest. Agerian jarri ziren hainbat eta hainbat gezur. Orain epaia iritsi da, eta ez du inondik inora ere jasotzen beste bertsiorik, haiena ez den beste bertsiorik. Haien bertsioa haien ipuina da. Orain dela urtebete eta hilabete bat fiskalak ateratako akusazio idatzi horretan aipatzen zuen kondaira hori bera jasotzen da. Harrigarria da. Urte eta erdi lekukoak eramateko zain egon gara, epaiketa pasatu da, horiek denak agerian jarri dira, bideoan ikusi da ez zegoela horrelako girorik, alkandora zegoen bezala zegoela, han hiru inputatu zeudela eta sarjentuak ez zituela ezagutu atxilotzeko, jo zutenen artean ez zituela ezagutu eta hirurekin aurrez aurre hizketalditxoa izan zuela. Ez dugu ulertzen. Ez dago hori ulertu dezakeen pertsonarik. Suminduta gaude. Hemen egiak ez du balio ezertarako. Gertatu zenak ez du interesik. Hori alde batetik, eta, bestetik, desproportzioak jarraitzen du. Zergatik izan behar du gure kasuak diferentea, orain Iruñean eman den epai irmo horrekin alderatuta? Edo Algecirasekoarekin alderatuta? Edo Laudion 2013an gertatu zenarekin? Edo Lugon orain dela ez dakit zenbat urte izan zenarekin? Edo beste 9.500 kasurekin alderatuta?
Hau izugarrizko barrabaskeria da, bidegabekeria handi bat. Guk ez dugu egin esaten duten guztia. Ezin da beste modu batera bukatu, baina ezin da gelditu. Hau sozializatu beharra dago. Ezinbestekoa da jendeak kontatzea hurbileko jendeari, Espainia guztiko jendeari eta mundu guztikoari benetan zer gertatzen ari den Espainian. Posta kode bat izan edo bestea izan, ez dela berdin. Benetan hemen interes maltzurrak daude tartean —ekonomikoak, politikoak, kolore multzo askotarikoak—, eta ez dute kasua askatzen. Banuen esperantza epaiketarekin bideratuko zela. Baina ez dago beste etorkizunik. Hau bideratu beharra dago. Egiarekin goaz.
Izugarrizko injustizia izan da hau guztia familientzat eta herri oso batentzat. Eta ez hori bakarrik. Erabilera maltzurra egin da. Erabiliak sentitzen gara, maltzurki erabiliak.
Eskerrak babes hori daukagun; bestela, depresio bat hartzeko modukoa izango zen hau.
BERRIA
No hay comentarios:
Publicar un comentario