2017ko abenduko Korsikako hauteskundeek bertako nazionalismoaren garaipena ez ezik, ondorio politiko nabarmenak ere ekarriko dituztela uste dugu. Izan ere, “Pe a Corsica” koalizioak lortutako emaitza historikoak (botoen %56,5 bigarren itzulian) frantziar jakobinismoaren jarrera politiko zurrunak bigundu beharko lituzke: hemendik aurrera Parisek ezin izango du entzungor jarraitu irlako abertzaleen eskakizun politikoen aurrean. Are gutxiago kontuan harturik nazionalistek gehiengo absolutu oso zabala (63 eserlekutik 41) eskuratu dutela Korsikako Asanblada berrian.
“Pe a Corsica” koalizioak (“Femu a Corsica” autonomistak eta “Corsica Libera” independentistak osatua) bere ibilbide arrakastatsua jarraitzen du. 2015eko eskualdeetako hauteskundeetan estreinatu zen, Korsikako Biltzarrean %45eko ordezkapena lortuz, gehiengotik gertu. 2017ko Frantziako ekaineko hauteskundeetan bere arrakasta sendotu zuen, uharteko 4 diputatuetatik 3 eskuratuz. Aurreko abenduko emaitza bikainak (%65eko ordezkapena irlako Asanbladan), beraz, goranzko joera baten ondorio zuzenak dira, Parisek oso kontuan hartu beharko duena.
Joera horren atzean hainbat faktore daude: FNLC talde armatuaren desagerpena 2014an, abertzaleen arteko elkarlana erraztu zuena. Uharteko eskuin eta ezker frantsesaren diskurtso jakobinoaren gabeziak, korsikarrak -batez ere gazteak- gero eta gutxiago motibatzen dituena. Eta autonomia zabalaren aldeko diskurtso ilusionagarria nazionalistek ondo landu izatea, herritarrekin oso ongi konektatu duena.
Hauteskunde hauen bidez Korsikak Lurralde Kolektibitatearen estatusa lortu du, orain arte uhartean zeuden bi departamenduen ordez. Praktikan, horrek esan nahi du irlako Asanblada Nagusiak autonomia eta eskuduntza gehiago izanen dituela. Noraino iritsiko diren eskuduntza horiek inork ez daki oraindik, Pariseko gobernu zentralarekin negoziatu behar direlako. Orain arte Korsikako Asanbladak ez du botere legegilea izan, adibidez, Parisek ez baitio inoiz inori transferitu ahalmen hori, bere jakobinismoaren seinalea.
Botere legegilea eta fiskalaz gain, hiru dira abertzaleen eskaera nagusiak: korsikeraren koofizialtasuna, egoiliar estatusa eta preso politikoen (FNLCrenak) amnistia.
Hizkuntzari dagokionez Frantziak iraultzatik datorkion tradizio jakobino luzea dauka, linguizida ere badena: Konstituzioak hizkuntza bakarra onartzen du (frantsesa, jakina) eta Korsikako Asanbladan abertzaleak korsikeraz mintzatzeak, esaterako, frantses asko asaldatzen ditu. Arlo honetan urratsak emateak, bestalde, euskaldun, bretoi edo alsaziarren gogoak ere suspertu litzake.
Egoiliar estatusak turismo masiboaren aurkako ereduari eta bere ondorio gaiztoei aurre egin nahi die, irlako biztanleriaren onerako. Korsika Frantziako lurralde pobreenetako bat da, turismoa da bere sektore ekonomiko nagusia, eta abertzaleak garapen ekonomiko iraunkorra bermatzen duen beste eredu baten alde daude.
“Pe a Corsica” koalizioa osatzen duten bi indarrak, autonomista eta independentista, bat datoz epe laburreko helburu nagusia uharterako autonomia zabala lortzea dela onartzean, autodeterminazio erreferendumaren aukera baztertuz. Jean-Guy Talamonik, “Corsica Libera” alderdi independentistaren buruak, jakin badaki hurrengo 10 urteetan autonomia sendotu egin beharko dela independentziarantz jauzi egin aurretik.
Gilles Simeoni eta Jean-Guy Talamoni dira “Pe a Corsica” koalizioaren aktibo nagusiak. Simeoni zen koalizioaren zerrendaburua, eta orain arteko Korsikako gobernuaren presidentea. “Femu a Corsica” alderdi autonomistaren burua, behin baino gehiagotan esan du bere ametsa Kataluniaren antzeko autonomia lortzea dela, nahiz eta bertako prozesu independentistarekin ados ez egon.
Jean-Guy Talamoni, “Corsica Libera”ren burua, aldiz, betiko independentista da. Korsikako Asanbladaren presidentea izan da orain arte, eta Kataluniako prozesu independentista sarritan txalotu du. Ekitaldi ofizialetan inoiz ez du Frantziako ereserkia abesten, eta ez du Frantziako xingola eramaten. Korsikeraz hitz egiten du dituen aukera guztietan, frantziar jakobinistenen aztoramena eraginez.
naziogintza.eus
No hay comentarios:
Publicar un comentario