lunes, 26 de junio de 2017

ESPAINOLKERIA

Burgeskume gazte haiek, sorbalda-babesaz sehaskatik hornituak, abentura iraultzaileetan engaiatu ziren halako bizi-bidaia iniziatiko bati ekinen baliote bezala, jakinda, ongi jakin ere, beranduegi gabe aitaren etxera itzultzeko aukera izanen zutela. Eskertzeko, agian, bidaia hartan egin zuten hainbat ekarpen, eta eskergarri izaten jarraitu zuketen etxera itzuli arren isilik geratu izanez gero. Horixe, bertzeak bertze, F. Gonzalezen kasua, Ameriketak eta guzti eginda, are, Márquez ez ezik, markes eginda, etxeratuta gainera. A. Guerrak, kuartel giroan eta maila apalagoan jaio arren, aukera izan zuen lehenaren bidaide arrakastatsua bihurtzeko, eta ez zuen hura galdu.
Gonzalezen hitzek diskurtso modernizatzaile bat osatzen zuten, Espainiako ohiko burgesia diktadura-zale edo monarkiko eta betiere autoritario eta ultra-kontserbadoreari begira, bertze mundu burges moderno europartu ilustratuagoan sartzeko gonbit egiten hari. Saiatu zen, baita lortu ere arlo batzuetan, baina espainiar burgesiarekin berak partekatzen zuen nazionalismoak GALbidean sartzera eraman zuen azken beltzean, baita espainiar estatuko nazioen dibortzio eskubideari (eta bizikidetzan jarraitu ahal izateko bertze eredu bati, federalismoa kasu) erabateko ukoa ematera ere. Erraz hartu zituen ontzat Tejeroren ostikadaren asmoak Espainia autonomikoa birzentralizatzeko, LOAPAren bidez, estatu-kolpetik bortz hilabetera, UCDrekin hitzartuta oposizioburu gisa. Bai, LOAPAren asmoak Tejerorenaren aurretik planteatuak zituen Calvo Sotelok, baina horrexek adierazten du preseski Tejerorenak zerikusi izan zuela Suarez defenestratu berriaren erreformismoari trantsizioak eskuetatik ihes egiten ziolako pertzepzioarekin. Zertan eta, hain zuzen ere, espainiar nazionalismo unitarioaren inguruan. Horretan, alde-aldean zeuden Gonzalez, Calvo Sotelo eta estatu-kolpe egileak.
González GALbidean sartu, laster sartu zen. Hauteskundeak irabazi eta urtebete gabe hasi zen GAL bere jardunean, 1983ko urrian, gobernu sozialistak berak babesturik, terrorismoa aitzakia, nazionalismo espainiarrari egiaz edo ustez aurre egiten zion hainbat euskal herritarren kontra, berauek ETAkideak izan ala ez. Laguntza ederra eman zion horretan, baiki eta eiki, garaiko ETAk, terrorismo hutsean buru belarri jardunean, iritzi publikoaren aurrean estatu-terrorismoa justifikatzeko, baina ezin ukatu bai LOAPA bai GAL tresna politikoak izan zirela espainiar nazionalismoak bertze nazionalismoak geldiarazi/beldurtzeko.
Gaur, GALik gabe ere, LOAPAren izpiritu birzentralizatzailea gero eta indartsuagoaren aurrean, Kataluniako auzia sortu zaie dibortzio nazionalen aurkako espainiar nazionalista horiei, eta bat egiten dute berriro UCDren oinordekoek eta abentura iniziatikoko bidaiari arrakastatsu zaharkitu haiek, Gonzalez eta Guerra kasu. Kataluniako autonomia bera, aspaldi LOAPAturik egonik ere, zirt edo zart bertan behera uzteko eskatu du Guerra giro kuarteleko seme galdu eta atzera aitaren etxeratuak, espainolkeria burugabea bihotzean.

Bixente Serrano Izko, Diario de Noticias-en

No hay comentarios:

Publicar un comentario