martes, 9 de mayo de 2017

EREMU EUSKALDUNERA JOATEA ESKATUKO DU ATETZEK, BESTE BIDE BAT ZABALDURIK

Beste bide bati ekingo diote gaur Nafarroako zonifikazioa aldatzeko. Eremu ez-euskaldunetik mistora pasatzeko eskariak egiten ari dira dozenaka udal —40k baino gehiagok egin dute eskaria orain arte—, eta Atezko Udalak emango du beste pauso bat, udal arduradunek BERRIAri baieztatu diotenez: eremu mistoa uzteko eskatuko du, eta zona euskaldunean sartzea. Aldaketa handia da: euskara hizkuntza ofizial bihurtuko litzateke herrian. Horrekin, besteak beste, langileen hautaketan pisu handiagoa izango du euskarak, eta hezkuntzan G eredua desagertuko da —euskaraz ikasgai bat ere ez du—. Udalean EH Bilduk du gehiengoa, eta, hortaz, ziurra da eskaria onartuko dutela bilkuran. Parlamentura joango da gaia.
Herriak eremuz aldatzeko mugimenduak otsailean hasi ziren. Eremu ez-euskalduneko 11 herritan mozioak onartu zituzten bi aldarrirekin: batetik, Nafarroa osoan euskarari ofizialtasuna ematea; bestetik, hori lortu bitartean, beren herriak eremu mistoan sartzea. Gobernuari eusten dion laukoak bide eman zion eremuz aldatzeko eskariari, eta parlamentuan prozedura bat abiatu zuen herriak eremuz aldatzeko —legea bera aldatzeko akordiorik ez da—. Prozedura zabalik dago —etzi itxiko dute zuzenketen epea—, eta 11 herri horien atzetik gehiago etorri dira eremuz aldatzeko eskariarekin. 40 baino gehiago dira denera.
Orain arteko denak, baina, eremu ez-euskaldunetik mistorako aldaketa eskariak izan dira. Badira aldaketak bi eremu horien artean. Euskarak ez du ofizialtasunik bietako batean ere, baina eremu mistoan, herritarrek badute eskubidea administraziora euskaraz jotzeko. Nafarroako Gobernua dekretu bat prestatzen ari da administrazioko jarduna arautzeko, eta euskarazko arretak babes handiagoa du eremu mistoan —adibidez, postu publikoetan, derrigorra ez denean meritu izatea—.
Atetzek hasiko duen bideak aldaketa handiagoa dakar, hala ere: euskara ofiziala izango da, horrek dituen ondorio guztiekin. Esaterako, administrazioan zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea aitortua dute herritarrek, eta lanpostu publikoetan pisu handiagoa izango du euskararen ezagutzak —gobernua prestatzen ari den dekretuaren arabera, oposizio lehiaketetan %11-23 puntu—.
Kolpetik ez du aldaketa handirik espero udalean Ezekiel Martinek, alkateak. Langileak hartzean eta karteletan egin beharko dituzte aldaketa handienak, haren hitzetan. Hezkuntzan ez du espero gorabehera handirik. Berez, legearen arabera, badaude aldaketak: G eredua dute eremu mistoan —euskaraz ikasgai bat ere ez—, eta euskaldunean ez dago halakorik —A eredua, bai: euskaraz ikasgai bakarra—. Alkateak azaldu duenez, hala ere, Atezko umeak Larraintzarrera joaten dira, eta D eredua daukate han. Aldaketarik ez legoke hezkuntza arloan, beraz.

Eremu euskalduna mugan
Izan ere, eremu euskaldunaren mugan dago Atetz. Mugakide ditu Ultzama eta Imotz; biak ere eremu euskaldunean daude. Zonifikazioaren ajeak. Martin: «Herritar gehienek dakite euskaraz. Eremu horretan egotea dagokigu».
Euskara ofizial izatea «aspaldiko aldarria» dutela ohartarazi du alkateak, eta Nafarroa osorako eskatzen dutela hori. Gaur onartuko duten eskarian, hain justu ere, zonifikazioaren aurka agertuko da Atezko Udala. «Baina ikusita laukotean ez daukatela adostasunik Euskararen Legea aldatzeko, eskatuko dugu bitartean gu eremu euskaldunean sar gaitzatela».
EH Bilduk dauka alkatetza, eta udalbatzako bost ordezkarietatik hiru dira harenak; gehiengoa du, beraz. Beste bi zinegotziak Hemengoak hautagaitzakoak dira; alkatearen arabera, UPNren inguruko taldea da. Hauteskundeetan, boto baten aldearekin irabazi zuen EH Bilduk —72 boto koalizioak, eta 71 Hemengoak taldeak—.
Nafarroako Parlamentuaren esku geratuko da Atezko Udalaren eskaria —eremu aldaketa bakoitzak haren baietza behar du—. Gobernuari eusten dion laukoteak gehiengoa du; eremu aldaketei buruz BERRIAk egindako elkarrizketetan, eremu mistotik euskaldunera pasatzearekin ados agertu ziren orain bi hilabete. Gaur egingo du eskari hori lehen udalerriak.
Beste jite bateko eskaria ere iritsiko zaio parlamentuari. Zizurko Udalak eremu mistotik ez-euskaldunera pasatzea eskatuko du bihar. Gehiengoa UPNk du han.

Garikoitz Goikoetxea, BERRIAn

No hay comentarios:

Publicar un comentario