domingo, 2 de abril de 2017

FRANKISMO KONSTITUZIODUNA

Norbaitek erran zuen, ongi erran ere, zertan bereizten diren diktadurak eta demokraziak: diktaduretan, debekaturik dago baimendurik ez dagoen guztia; demokrazietan, ordea, baimendurik dago debekaturik ez dagoen guztia. Funtsezko bereizketa, inondik ere, bertze bereizgarri formal askoren gainean oinarritzen direnak baino askoz funtsezkoagoa. Erran nahi baita, demokrazia konstituziodun batek ere diktatorialki joka dezake, zer nolako konstituzioa den eta nola interpretatu ohi dituen legeak botereak, dela beronen adar betearazlea, dela adar judiziala.
Carmen Alba dugu eredu ederra boterearen adar jotze horretan, Nafarroako Sinboloaren legearen harira. Ez ote du mehatxu egin, gure orain arteko lege hori indargabeturik ere, ikurrina erabiltzen duten nafar erakunde publikoen aurkako salaketak aurkezten jarraituko duela? Zertan oinarritua? Bertzerik ezean, Estatuko Sinboloen lege zentralean, jakina, non ezer ez den erraten erkidego autonomo bateko erakundeetan bertze erkidego bateko sinboloen erabileraz, hots, non horrelakorik ez dagoen ez debekaturik ez baimendurik: Gobernu zentralaren Nafarroako Delegatu Carmen Albarentzat, ordea, debekaturik dago, espresuki baimendurik ez dagoenez gero.
Badago, badago bertze arlotako bereizketa funtsezkorik, demokrazia eta diktadura artean: justizia sistemaren dependentziak edo independentziak markatzen duena alegia, eta honen araberako epaile eta auzitegien jokamoldeak. “Justizia, berdin guztien-tzat?”, galde egiten zuen hiru egun duela txio batean Altsasuko lagun batek, herriko hiru gazte espetxealdiaren harira. Galdera propio erretoriko, sareko bertze testu baten aurrean egina. Honako hau egiaztatzen zuen testuak: “Denbora gehiago daramate jada espetxean Altsasukoek Barrionuevok eta Verak jasanikoa baino, bi hauek Segundo Mareyren bahiketarengatik epai irmo batek zigortu zituen arren”. Horixe legeen aurreko guztion berdintasuna demokrazia ala diktadura batean: berdintasuna, jakina, bietan, baina diktaduretan era bitxian ulerturik betiere. Diktaduretan, berdintzaile dugu Justizia, ofizioz eta benefizioz: alde batekoen aurka ofizioz, ber-tzekoentzat benefizioz. Hain justu, Altsasuko gazteen eta Vera/Barrionuevoren arteko lege-berdintasunaren isla garbia. Eguneroko ogia. Auzitegi Nazionala, TOP frankista haren gaurko ordezko, diktadura garaietako guztiontzako lege-berdintasunaren irizpideari jarraikiz.
Itxuragabekeriak nonahi gure frankismo-oste honetan, non botere betearazleak eta judizialak ez eta itxurak ere ez dituzten zaintzen sistema demokratiko konstituzionala beztitzerakoan. Ezin sinetsi diktadura eta demokrazia, bereizi, bereizten dituztenik, ez konstituzio baten ezarpenak, ez guztiontzako lege-berdintasunak. Espainia honek on egiten du XIX mendeko Marx eta Engelsen definizio zahar hura, jada zaharkiturik ere uste genuena, demokrazia burgesarena: demokrazia burgesa burgesiaren diktaduratzat jotzen zuen definizioa, alegia. Gurea behintzat, jada, ez eta post-frankismo ere ez da, frankismo konstituzioduna dugu.

Bixente Serrano Izko  (Berria egunkarian)

No hay comentarios:

Publicar un comentario