miércoles, 29 de marzo de 2017

MINBIZIA DUT (HASIER ETXEBERRIA)

Hogeita bost urte izango dira nire ahokordetan arroz ale txikitxo batzuk jaio zirela. Kartzinoma izenekoak ziren eta euren erruz ahokordak ebaki eta Vito Corleoneren ahotsarekin geratu beharko nuen hizketan. Neure lanbideari esker, ordea, beste bide bat hartu zuten medikuek eta ahots aski egokiarekin etorria naiz handik hona, Irunen eta Parisen eginiko ebakuntzekin.
Kartzinoma, ez nuen izena ezagutzen. Euskarazko minbizia beti egin izan zait gaztelaniaren cáncer baino leunagoa. Baina, nire kasuan, minaren benetako hitza kartzinoma da.
Hau guztia baino lehen, Hondarribian bizi nintzela, Espainiako Polizia Nazionalak Indautxuko komisaldegira eraman ninduen gau batez, enpresari bat bahitzen lagundu nuela eta. Gau beltza zinez, non igogailuek behegailuen izena hartu zuten, han denak egiten baitzuen zuloan behera, gora beharrean.
Gertaera hark sortutako espantuaz sendatzeko, literaturara jo nuen eta Mugetan nire lehen eleberria idatzi nuen. Bingo! Kitto beldurrak. Susmoa banuen, baina literaturak minak kitatzeko balio duen segurantziaz bizitu naiz harrez gero, eta hala, bide beretik, nire eztarrian aurkitu berri zizkidaten kartzinomak pasatu egin nizkion Damian Arruti izeneko nire pertsonaia gaizoari Eulien bazka eta Mutuaren hitzak eleberrietan. Haren lepoan jarri nire gaitzak.
Itzelezko arrakasta izan zen, ahotsa gordetzeaz gain kartzinomak desagertu egin ziren. Urte luzeetako kontrolak eta gero Hernandez otorrinoak ostiko batez bota ninduen bere kontsultatik, ez ninduela eta gehiago begien bistan ikusi nahi. Ama birjinak lagundu didala esan izan dit berak, bainan nik badakit literatura eta bere lan fina izan direla salbatzaileak.
Orain, ordea, supituki berriro jaso dut gaitzaren albistea gorputzeko beste leku batean, bortitzago, biziago, erasokorrago. Eta orduan baino izen luzeagoa daroan arren, tartean dakar oraingoan ere niretzako asmatua dirudien hitz madarikatua: kartzinoma.
Vito Corleonerena baino ahots kraskatuagoa geratu zait eta badirudi oraingoan ez dela izanen horretarako, behintzat, konponketarik. Mina bera ere erasokorragoa da askosaz ere orduko hura baino, ez dakit edukiko dudan hemendik irtetzerik. Alfaro doktorea dut bidelagun, eta ordukoan ez bezala, euskaraz, hika eta jator mintzatzea alde daukagu.
Kasu, ordea, hasita nago minak dakartzan gauza onak ere profitatzen, ez baita dena txar eta dena kalterakoa minbiziak dakarrena. Gaitzak badaki ekartzen halako eguraldi on moduko bat nor bere buruarekin eta inguruko maiteekin zintzotzeko. Sentimendu eta bizipozaren gailentze ezezagun bat. Ustegabeko plazer bikaina da hori.
Esan bezala, ez dakit oraingoan hartuko diodan gaina datorkidanari eta zenbat denboraz arnastu ahal izango dudan, jakina, horixe baita minbiziaren galdera nagusia “zenbat denbora dagokit?”. Eta nik ez dakit.
Gerta liteke, gainera, bati baino gehiagori gehiegizkoa iruditzea nire aitortza ageriko hau. Esate baterako, nire medikuetako batek diost albistea zabaltzen ez ibiltzeko, jendeak berehala sartzen zaituela hildakoen zerrendan, baina ezagutzen nauzu honezkero irakurle, badakizu neure bloga dudala erregetza nagusi eta bakar. Lehengoan ere hementxe bertan aitortu nizun hil egin nintzela.
Zertarako blog bat ezin badu norberak nahi duen erara erabili? Orain ez dakit izango ote dudan eleberrietarako haina denborarik, baina, hala ere, aurreko hartan literatura bezala nahi dut bloga neure mesedetan erabili, bertan hartu atseden, aurkitu argi eta indarrak bildu. Eta aitortu, une honetantxe galtzeko aukerek irabaztekoek baino handiagoak diruditen arren, ez nauela guda honek etsituta harrapatuko. Etorri behar badu, betor, hementxe aurkituko nau eta zango bat zepoan harrapatuta daukan otsoaren amorru berberarekin.

(Salbuespenez, ez dira iruzkinak onartuko sarrera honetan. Eskerrik asko)

No hay comentarios:

Publicar un comentario