Martxoaren 13an, igandearekin, joan zinen, ama ona, betiko, behin ere ez itzultzeko berriz mundu honetara; dagoeneko, zure gorputzak ez omen zuen konponbiderik. Nekatuegia omen zegoen; higatuegia. Eta horrelaxe, txoritxoak elur eta izotzetan bezala, joan zinen bukatzen, kandelak amaieran legez, joan zinen itzaltzen, azken arnasa 13:00etan eman arte.
Eta, zeinen hutsune handia gelditzen den etxean zure presentziarik gabe! Hutsune beteezina. 30 urtez elkarrekin bizi izan ondoren, zure falta oso nabarmena da. Oraindik, edozein leku eta edozein momentutan agertzen zaizkit zure irudiak eta oroitzapenak; ematen du ez zarela benetan joan. Iruditzen zait, noiznahi agertu ahal zarela, "egun on", "zer moduz" edota "gabon" esateko.
Tristea izan da ikustea, nola pixkanaka-pixkanaka behar zenuen laguntza gehiago ibiltzeko eta mugitzeko. Mingarria izan da ohartzea, nola kalera ateratzeko, behar zenuen gurpil-aulkia. Tamalgarria izan da nabaritzea, nola azkenean, jateko, edateko, oheratzeko, eta abarrerako behar zenuen norbaiten laguntza. Latza izan da konturatzea, nola azken astean, ez zenuen gogorik jateko, nola ezin zenuen hitz egin, nola ezin zenituen begiak ireki, nola ezin zenigun esan zenbat maite gintuzun -berdin da, denok bai baitakigu zenbat zen-, nola ezin zenigun esan azken agurra, eta bat eta beste.
Halaber, oso gogorra izan da sumatzea eta entzutea nola kexatzen zinen oinazeagatik, mugitzen zintuztenean, zu, behin ere kexatu ez zarena, bizitza osoan dena jasan eta aguantatu duzuna. Oso negargarria izan da guretzat, ikustea nola zure aurpegi alaian agertzen zen minaren zantzua, nola zure begitarte sendoa pixkanaka edo azkar samar, desitxuratzen zen, eta gero eta gehiago gogorarazten zigun, azken bidaiaren hasiera oso hurbil zegoela. Dena den, uste dut, oso pozik eta harro egon ahal zarela, ikusita, gainerako seme-alabek, nola zaindu zaituzten azken urtebete pasatxo honetan, zeinen dedikazio handiz, zeinen mimoz, zeinen kutuntasun goxoz.
Baina, betirako abiatzeko une tragiko hori beti gertatzen zaigu zail, desegoki eta lazgarria. Orain konturatzen naiz, beranduegi dela zuri itzultzeko, zuk niri emandako hainbeste maitasun, txera, laguntza, dedikazio, ardura, hartutako hainbat kezka, utzitako sosak, emandako musuak -neurri handi batean ere, zure eta nire gurpil-aulkien arteko zailtasunengatik, batzuetan, eta zure ohatzeek jartzen zizkiguten oztopoengatik, beste batzuetan. Oso sarritan gelditu izan naiz musurik ezin ematearen tamalarekin; begira, hor ere agertzen zitzaizkigun zorioneko oztopoak!
Eta orain, jadanik ez zaudenean, oraindik jarraitzen dute iristen gutunek eta propagandek zure izenean, adarra jo nahi balidate bezala, ilusio faltsuak egin ditzadan, pentsatuz oraino hementxe zabiltzala tirriki-tarraka eta edozein momentutan esanen didazula "Xanti, nahi duanean etorri bazkaltzera!".
Tristura bereziarekin gogoratzen dut, noiz edo noiz, elkarrekin haserretzen ginenean, eta bakeak berehalaxe egiten ez bagenituen, nola sumatzen nuen zure begi barrenetan bihozmin ikaragarri handi bat, eta hitzik gabe, garrasika eskatzen zenidan adiskidetu gintezen. Nik ezin nituen jasan egoera bortitz haiek; itogarriak egiten zitzaizkidan. Zu beti egoten zinen barkatu eta baketzeko prest, berehalaxe ahazten zenituen liskarrak, gatazkak eta istiluak, ez zinen batere gorrotatzailea. Orain, damututa, -berandu- barkamena eskatzen dizut, halako egoera ergelak sorrarazi izanagatik.
Hala ere, Oihana eta Maribel bilobek, azken agurrean esan zizuten bezalaxe, beti geldituko zaizkigu denaren gainean zure irribarrea, alaitasuna, poza, positibotasuna, baikortasuna, zure 126 esaera zaharrak, gutxienez, zure abesti sail aberats zenbatezina, zure eskuzabaltasuna, eta, azken urteetan, gutxi entzun eta gaizki ulertu izanagatik, oparitu dizkiguzun xelebrekeria barregarri guztiak. Horiek poza eta alaitasuna ekartzen dizkigute, momentu goibel hauetan.
Eta, bukatzeko, amatxo ona, Nieves Madotz Azkue, Arribeko emakume handia, zure izenak elurrarekin uztartzen zaitu, eta gainera, gogotik maite zenuen elementu zuri eta hotz hori. Zenbat aldiz ez ote duzun esan, Iruñean elur malutak botatzen hasten zenean, "nahiago nuke metro erdi bat gutxienez botako balu!". Eta, hara non, zure azken agurraren egunean, agertu ziren Iruñeko zeruan, gutxitan ikusten diren elur-maluta erraldoi zuri-zuriak, azken bidaian igotzen lagundu nahi balizute bezala, gora eta gora, hegan, zure arimaren zuritasun eta garbitasunaren pareko zerbait lortu arte.
Hartu, ama, inoiz eman dizudan musurik goxoena eta maitekorrena.
Iruñea, 2016-03-18.
Euskalerria Irratiak argitaratutakoa
No hay comentarios:
Publicar un comentario