Gehienok gogoan izango duzuen bezala, 2007ko abenduan, mutilen euskal futbol selekzioak, «Euskadi»-ren ordez, lehen aldiz, «Euskal Herria» izenarekin jokatu zuen Kataluniaren aurka Gabonetako partida. Izena aldatzeko erabakia, euskal futbol jokalariek ofizialtasunaren aldeko urratsak egiteko Euskadiko futbol federazioko agintariekin egindako hainbat bileraren ondoren etorri zen. Ez dut uste ezer deskubritzen dudanik partida horrek sortu zuen giroa berezia bezain historikoa izan zela esaten badut, besteak beste, futbol zelaia lepo betetzeaz gain, Esaitek antolatutako manifestazioan 25.000 pertsonak hartu zutelako. Beraz, EH-CAT partida hura euskal selekzioarekiko zaletasuna eta hurbiltasuna handitzeko urratsen hasiera baino ez zen izan.
Baina berpiztutako itxaropen horrek, tamalez, ez du jarraipenik izan, urte bat beranduago, alegia, Iranen aurka jokatu behar zuten partidaren harira, Euskadiko futbol federazioak jokalariekin adostutakoa ez bete-tzeaz gain, Jaurlaritzak EAJren aginduz, «Euskal Herria» izena kendu eta soilik «Euskadi» izenarekin jokatzea proposatu zielako. Tartean eta iskanbila horrek eraginda, Euskadiko futbol presidentearen dimisioa ere ekarri zuen.
Baina 2010ean, berriro, jokalariek beren kabuz Venezuelaren aurka jokatzea erabaki zuten, besteak beste, asmo txarreko interpretazioak uxatzeko eta euskal jendarteak garbi izan zezan euskal jokalariek bere herriaren elastikoa janzteko eta euskal koloreen alde futbol zelaian zein behar den leku guztietan defendatzeko prest daudela adierazteko. Eta hedabideetara bidalitako oharrean hau zioten: «Euskal futbolzaleen eta jendartearen gehiengoaren borondatearekin bat eginez, Gabonetako futbol partida dirua biltzeko ala antzezkizun bat egiteko ekitaldia baino, gure eskubidearen aldarrikapen eguna izatea nahi genuke. Inposiziorik gabe, gainerako herriek bezala, guk ere munduari gure koloreak gehitu nahi dizkiogulako. Nazio bat garelako, sentitzen duguna izateko eta egiteko eskubidea oinarrizko eskubidea delako. Gure selekzioa nahi eta behar dugulako».
Ordutik hona, nesken eta mutilen futbol selekzioak jokatu dituen partida guztiak «euskal selekzioa» izenarekin jokatu ditu, besteak beste, izen hori izan zelako Federazioak euskal jokalariei kontsentsurako proposatutakoa eta haiek onartutakoa, zeren izenean baino ofizialtasunaren bidean egin behar ziren urratsetan oinarritzen zen jokalarien eskaera.
Abenduaren 26an, Kataluniako eta Euskadiko futbol federazioek iaz adostutako akordioaren harira, euskal selekzioak Bartzelonan jokatu du; neskek Mini estadioan eta mutilek Camp Noun, Kataluniako selekzioen aurka. Jakingo duzuen bezala, bietan euskal futbol selekzioak garaipena lortu du eta, ondorioz, 100. urteurrena ospatuz lehian zeuden garaikurrak Euskal Herrira etorri dira. Zorionak guztiei.
Baina garaipenetik harago begiratuz gero, bada niretzat Bartzelonako partida horietan gertatu den zerbait oso deigarria eta kezkagarria dena, lehen aldiz euskal jokalariak zelaira aldarrikapen pankartarik gabe atera direlako. Eta horrek, kezka sortzeaz gain, harridura eta zalantza ere sortu dit, orain arte azken 15 urte hauetan beti atera izan dutelako. Zergatik oraingoan ez? Federazioak eskatuta izan ote da? Eta hasierako garai haietan futbol federazioarekin pankarta zelaira ateratzeko izandako eztabaidez gogoratu naiz; orduan ere, hainbat aitzakia erabiliz, jokalariek pankartarik ez ateratzea erabaki zutela argudiatuz, federazioak inoiz ez duela gustukoa izan jokalariak zelaira aldarrikapen pankartarekin ateratzea. Zergatik ote.
Antzeko egoera gertatu zen 2006ko urrian Camp Nou zelaian bi selekzioen artean jokatu zen partidan; orduan ere, jokalariei esker lortu baitzen, federazioen artean antolatutako «bakearen aldeko» partida ofizialtasunaren aldekoa bihurtzea eta «Ofizialtasuna» jartzen zuen pankarta zelaira ateratzea.
Baina orain Bartzelonan gertatu den aldaketa ez da soilik pankarta ez ateratzea izan, bi selekzioen arteko partidaren publizitatea egiteko ateratako posterrean ere aldaketa egon da: «euskal selekzioa»-ren ordez, «Euskadi» izena jarri dutelako. Eta galdera da, zergatik kontsentsurako adostutako izenaren aldaketa orain? Nahasmena edo nahita izan ote da?
Agian, batzuentzat jokalariak pankartarekin zelaira ez atera-tzea edo futbol federazioak izena aldatzea ez da garrantzitsua izango, baina urte hauetan euskal jokalariek aurpegia emanez egindako borrokaren bitartez lortutako minimoak kolpetik desagertzea bada kezkatzekoa, finean aldarrikatu duten konpromisoa zipriztintzen duen aldaketa ere badelako.
Ea ba datozen konpromisoetan, garaipena lortzeaz gain, aldarrikapenean ere aurrera egiten dugun. Niretzat, oraingoan, irabaztearekin batera galdu ere egin dugulako.
Martxel Toledo
No hay comentarios:
Publicar un comentario