Eta eskuzabal hartu gintuzten hainbat lekutan, adibidez Mexikon eta Britainia Handian (britainiarren kasuan herritarrek, ez ordea gobernuak). 1936ko Gerrak milaka euskaldun behartu zituen erbestera.
1939an, Espainiako Estatutik alde egindako 200.000 errefuxiatu baino gehiago zeuden Frantzian, gehienak bertako kontzentrazio esparruetan gatibu. Egoera horretan, Amerikara ihes egitea aukeratu zuen askok, eta Mexiko izan zen abegikorrena, jende guztiari herrialdean sartzeko aukera eman baitzion, salbuespenik gabe. Gainerakoek (Errepublika Dominikarra, Txile, Uruguai, Venezuela, Argentina) euren immigrazio politikaren arabera jokatu zuten eta batzuetan sarbidea itxi egin zieten europarrei.
Atlantikoa gurutzatzeko espedizio arriskutsu haien ondorioz, 25.000 iheslari baino gehiago iritsi zen Mexikora, 10.000 Argentinara eta 5.000 Venezuelara, Sinaia, Ipanema edo Mexique bezalako itsasontzietan. Bretagne Flandre eta Cuba barkuetan, esaterako, 200 euskaldunetik gora ailegatu ziren Venezuelara. Donibane eta Bigarrena ontzitxoetan (Aturriko ontziolan eraikiak) beste hamazazpi errefuxiatuk lortu zuten hilabeteren buruan Venezuelara iristea.
441 eguneko epopeia itsasoan
Alsina barkuko errefuxiatuena ez zen bidaia samurra izan: 700 bat lagun atera ziren Marseillatik 1940an, eta Amerikara iristeko 20 eguneko bidaia behar zuena urte eta kasik hiru hilabeteko abentura bihurtu zen. Euskaldun ugari zeuden ontzian (Telesforo Monzon, Nestor Basterretxea, Mercedes Iribarren edota Bicente Amezaga tartean), eta Afrikan hilabeteak eman zituzten (barrakoietan itxita) Argentinan lur hartu aurretik. Horiek guztiak kontatu ditu Josu Chuecak, 1939ko erbestea eta Euskal exodoaren ezina erreportajeetan.
Gurasorik gabe Britainia Handira bidalitako 4.000 haurrak
1937an, gerra betean, Euskal Herriko 4.000 haur Habana itsasontzian sartu eta Britainia Handira erbesteratu zituzten, erasoetatik babesteko. Hasiera batean, ume kopurua handiagoa zen, baina azken unean guraso ugari ez zen gauza izan seme-alabak barkuan sartzeko. 800 lagunentzako barkuan 4.000 joan ziren, estu-estu.
Izaskun Arandiak kontatu zigunez, Gobernu britainiarrak ez zituen haurrak nahi, baina lobby herritarraren presioa handia izan zen. Gobernuak esan zuen, “ados, ekarri haurrak, baina ez dugu sosik jarriko”, eta herriak berak hartu zituen haurrak.
Bakarrik, familiatik urrun, euren kabuz aurrera ateratzen ikasi behar izan zuten; batzuek urte askoren buruan ikusi zituzten berriz ama eta aita, beste batzuei Ingalaterran zeuden bitartean hil zitzaizkien gurasoak. Istorio gogorrak, erbestea bezalatsu.
Egungo panoraman, lezio ederra da beste batzuek gurekin izan zuten elkartasuna.
No hay comentarios:
Publicar un comentario