jueves, 22 de agosto de 2013

ANGIOLILLO AUSART HIL ZEN

Asteartean 116 urte bete ziren Michele Angiolillo anarkista italiarra Bergaran hil zutenetik. Antonio Canovas del Castillo Espainiako Presidentea Arrasateko bainuetxean tiroz hil izanagatik kondenatu zuten garrotera.
Efemeridearekin bat eginez The New York Timesek Angiolilloren exekuzioari buruz argitaratu zuen berrira iritsi gara. “Angiolillo ausart hil zen” argitaratu zuen titularrean AEBetako egunkariak. Albistearen gorputza itzuli dugu:
“LONDRES, Abu. 21. Espainiako Gobernuak debekatu egin du Espainian argitaratzea edo atzerrira telegrafiatzea atzo Bergaran exekutatu zuten Michele Angiolillori buruzko xehetasunak. Anarkista espainiarrak (sic) Canovas del Castillo señor-a, Espainiako aitzinekoa, tirokatu eta hil zuen abuztuaren 8an, igandea. Gutunak iritsi dira alabaina, exekuzioaren xehetasunekin. Idazleek diote anarkistak gutxi lo egin zuela ostegun gauean, arratsaldean hartu zuelako esna mantendu zuen kafea. Baina pultsu lasaia eta betiberdina zeukan. Presoak kafe kikara bat hartu zuen ostiral goizeko 8etan eta salda edan zuen 10etan.
Goizeko 10:53an Angiolillok irmotasunez igo zituen urkabeko eskailerak eta jantzi beltza eta kapa jarri zituen, azken horren gurutzea bere buruaren atzean jarriz. Lasai begiratu zien ikusleei, hitz egiteko baimena eskatu zuen, eta argi eta garbi ahoskatu zuen “Germinal” hitza (Germinal zen Frantziako egutegi errepublikarrean zazpigarren hilabeteari emandako izena, 1792tik 1806ra, martxoaren 21ean hasten zen eta apirilaren 29an amaitu). Hiltzailea garroteko aulkian eseri zen, bitartean borreroak burdinazko lepokoa estutu zion lepo inguruan. Borreroa Angiolillo presoaren aurpegia estaltzen hasi zenean, Angiolillok eskatu zuen estali gabe uzteko. Garrotearen torlojuak buelta eman zuen, lepokoa estutu, eta Angiolillo hil zen. Bere gorpua erakutsi zuten arratsaldeko 6ak arte noiz eta lurperatu baitzuten. Ikusle guztiak asko harritu ziren anarkistaren jarrerarekin".
Angiolillo euskal literaturan
Exekuzio horrek eta Angiolilloren bizitzako beste hainbat kapituluk fikziozko ispilua aurkitu zuten Koldo Izagirreren Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri nobelan. Lilio du izena Izagirreren nobelako protagonistak eta lehen pertsonan anarkistaren bizitzako hainbat kapitulu islatzen dira, gerora antzeko atakan egon izan diren militanteen oihuartzunak ere falta ez direla.
ARGIA

No hay comentarios:

Publicar un comentario